Aiestaran ertzainburu baten «probokazioen» ondorioz hil dela dio Villabonako Udalak

Remi Aiestaran alkateordearen hil kapera udaletxean jarriko dute gaur goizean

jokin sagarzazu
Villabona
2009ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Billabonatarrentzat dolu eguna izan zen atzokoa. Remi Aiestaran alkateordea (27 urte) hil zen herenegun, herri horretako alkate eta gertakariaren lekuko izan diren zenbait lagunen arabera, «ertzainburu batek» Aiestaran «probokatu» ondoren, ustez bihotzekoak emanda. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak «Ertzaintzaren errepresioari» egotzi dio heriotza, eta gertakariaren erantzule egin ditu Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua. Herrizaingo Sailak, aldiz, ukatu egin du Aiestaranen eta ertzainen artean ika-mikarik egon zenik.

Herenegun gertatutakoa salatzeko, agerraldia egin zuten atzo Villabonako udaletxean. Han izan zen ezker abertzaleko udal taldea eta Maixabel Arrieta alkatea, Ane Aiestaran Remi Aiestarenen arreba, gertakarien lekuko izan ziren bi herritar eta Aiestaranen lagun koadrilako bi gazte. Kanpoaldean berrehun lagunetik gora bildu ziren familiari dolua agertzeko eta elkartasuna helarazteko. Eguerdian manifestazio jendetsua egin zuten, eta udaletxeko balkoian Remi, gogoan zaitugu dioen afixa eta xingola beltza duen ikurrina paratu zituzten. Gaztearen heriotza dela eta, bertan behera utzi dituzte herriko festak. Hil kapera udaletxeanjarriko dute gaur, eta 18:00etan manifestazioa egingo dute Villabonako kaleetan.

Espainiako Auzitegi Nazionalak hasiera batean onartu baina gerora debekatu zuen euskal presoen eskubideen aldeko ekimen baten karietara izan zen gertakaria. Hilabete guztietako azken ostiralean Etxerat-ek deituta elkarretaratzea egin behar zuten billabonatarrek herenegun. Auzitegi Nazionalak, presoen aldeko «omenaldia» zela iritzita, debekatu egin zuen. Bertan parte hartu behar zutenek ekimena ez egitea erabaki zuten herriko plazan eginiko batzar baten ostean. Ertzaintzak, baina, ez zuen Villabonatik alde egin. Herrizaingo Sailaren arabera, ertzainek agindua zuten presoen aldeko «omenaldia» galarazteko. Villabonako alkateak Euskadi Irratiari adierazi dionez, 22:00ak zirela han jarraitzen zuten ertzainek. Herritarrak herriko festak ospatzen ari ziren.

Atzoko agerraldian parte hartu zuten lekukoen arabera, ertzainen presentzia «izugarria» zen. Hamahiru furgonetatan zeuden herri osoan sakabanatuta, eta ertzainek pilotak jaurtitzeko eskopetak, fusilak eta txalekoak zeramaten soinean. Herriko plaza inguruan ertzainen presentzia handiagoa zela diote lekukoek.

Aiestaran lagun koadrila batekin rock kontzertu batean zen. Bertan zirela, «ertzainburu bat» harengana hurbildu eta «probokatzen» hasi zitzaion. Jotzen ari zen musika taldea ezagutzenzuen, ea Villabonakoak ziren galdetu zion behin eta berriz ertzainburuak, atzoko agerraldian parte hartu zuen lekuko batek entzun ahal izan zuenez. Aiestaranek ezer ez zekiela erantzun zion. Hori ez jakiteagatik ea txoroa zen galdetu zion ertzainak, eta hark ezer ez zekiela erantzun zion berriz ere. Gustuko zuela ere esan omen zion ertzainak Aiestarani. Hark kasu ez egitea erabaki zuen, baina aurretik, vilalabonatarrek eta Udalak ez zuela ertzainen presentzia gustuko esan zion, betiere aipatutako lekukoaren arabera. Aiestaranekin zegoen lagun taldeak bertatik alde egiteko gomendatu zion, ertzainek «probokazioen» bitartez atxilotzeko asmoa zutela iritzita. Festa gunetik urrundu eta txoko batean zela ondoezik sentitu zen gaztea. Gertu zegoen beste lekuko batek lurrera erortzen ikusi zuen. Hurbildu eta suspertzen saiatu ostean, laguntza eskatu zuen. Aiestaranen neska-laguna eta arreba gerturatu ziren eta, ondoren, ertzainak. Momentu horretan «egoera larritu» zela eta bultzakadak egon zirela dio lekukoak. Anbulantzia iritsi, eta Tolosako ospitalera eraman zuten.

Herrizaingo Sailak, ohar baten bitartez ukatu egin du ertzainak festa gunera sartu zirela. Eta Aiestaran artatzeko laguntza eskatu zutenean poliziak gerturatueta hura suspertzen saiatu zirela dio.

Ikerketa eskaera

Aralarrek Fiskaltzari eskatu dio ikerketa hasteko, eta «azken muturreraino» eramateko. Gertakaria jarrera «arduragabe» baten emaitza izan dela dio. Bide batez, elkartasuna helarazi dio familiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.