konponbideari begira

Aieteko Adierazpenak 9.000 lagunen babesa jaso du, Lokarriren ekimenez

Herritar sareak kanpaina bat abiatu zuen apirilean. Ekainean ere jarraituko du ekimenak, eta www.aiete.org webgunean eman daiteke atxikimendua.

2012ko ekainaren 11
13:21
Entzun

Lokarri herritar sareak apirilean abiatu zuen Aieteko Adierazpena sostengatzeko kanpainak 9.000 lagunen babesa jaso du dagoeneko. Ekainean ere atxikimenduak biltzeko kanpainarekin jarraituko du Lokarrik, gaur jakinarazi duenez. Iazko urriaren 17an izan zen Donostiako Nazioarteko Konferentzia, eta han onartu zuten Aieteko Adierazpena nazioarteko buruzagi batzuek. 

Atxikimendua hainbat bidetatik jaso du adierazpenak: www.aiete.org webgunearen bidez, Lokarrik Euskal Herriko hainbat udalerritan jarritako mahaietan sinatuz eta etxeetara esku orriak bidaliz. Milaka lagun horien artean daude Kirmen Uribe, Toti Martinez de Lezea, Javier Elzo, Vicente Zaragüeta, Ramon Zallo, Juanjo Alvarez, Unai Elorriaga, Mikel Urdangarin, Rosa Rodero, Cristina Sagarzazu, Mirentxu Purroy, Susana Koska, Imanol Murua eta Iñaki Iriondo.

Aieteko Adierazpenarekin bat egin duten lagunei eskerrak eman dizkie Lokarrik, "bakea errotzeko denok ibiltzeko moduko bide bat dela agertu baitute". 

Lokarriren ekimenaren helburua bake prozesua bultzatzeko gizartearen babesa lortzea da. Haren arabera, Aieteko Adierazpenak etorkizunera begira "potentzialtasun handia" dauka bake prozesuaren erronkei heltzen dielako: "indarkeriaren amaiera, maila guztietan eman beharreko elkarrizketa eta berradiskidetzea". 

Horrez gain, bi mahai inguru antolatu ditu Lokarrik, Aiete zortzi hilabeteren ondoren. Etorkizuneko erronkak izenburupean: hilaren 19an Gasteizen, Ignacio Aldecoa kultur etxean (Antonio Duplá, Kepa Gordejuela eta Paul Riosekin) eta hilaren 20an, Bilbon, John jauregian (Ramon Zallo, Olatz Barriuso eta Paul Riosekin).

Aieteko Adierazpenaren eskaera nagusiak

Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohiak, Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro ohiak, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak, Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohiak, Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak eta Jonathan Powell Erresuma Batuko kabineteko buru ohiak plazaratu zuten Aieteko Adierazpena.

- Armak betiko uzteko eskatu zioten ETAri, eta elkarrizketarako deia egiteko Frantziako eta Espainiako gobernuei, "soilik gatazka armatuaren ondorioez aritzeko".

- ETAk adierazpena egingo balu —eta egin zuen—, baiezkoa eman eta elkarrizketak zabaltzeko deia egin zieten Espainiari eta Frantziari.

- Eragile ez-bortxatzaile eta ordezkari politikoak biltzea eta herritarrei kontsultatzea iradoki zuten, aro berri bat sortze aldera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.