A-8 errepidea mozteagatik auzipetutako hiru gazteetatik bigarrena, Ainara Ladron, atxilotu zuten atzo goizean Zarauzko Arrano elkartean, auziari buruzko prentsaurrekoa eman eta gutxira. Agerraldian, duela bederatzi urte abiatutako "desobedientziaren bidean" jarraitzeko erabakia iragarri dute, "hori delako bizi dugunaren gisako salbuespen egoerei aurre egiteko modu bakarra".
[youtube]https://youtu.be/9LqX6uX42hw[/youtube]
Aritz Azkona, berriz, Fruitzen atxilotu dute; hala salatu du Eleak mugimenduak. Atxiloketak salatzeko kontzentrazioa antolatu dute gaurko, 13:30ean, Elgoibarko plazan. Herenegun, ostegunean, atxilotu zuten lehena, Naroa Ariznabarreta, Eibarren.
2007an A-8 errepidea itxi zuten hirurek Saioa Zerainekin eta Asier Alberdirekin batera. Fiskaltzak bi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du bostentzat.
Herenegun egitekoa zen auzi horren inguruko epaiketa Donostian, baina bost akusatuetatik hiruk, Ariznabarretak, Ainara Ladronek eta Aritz Azkonak, ez aurkeztea erabaki zuten.