Ingurumena

Aire kutsatua arnasten dute lau herritarretik hiruk Hegoaldean

Ekologistak Martxan taldeak ikerketa bat egin du ozono troposferikoaren kutsadurari buruz. OMEk aholkatutako gehienezko maila hainbat lekutan gainditu dute, bereziki Ebro aldean.

Trafikoa da aire kutsaduraren eragileetako bat. ADONI CANELLADA, FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2019ko urriaren 22a
07:18
Entzun

Airearen kutsadurari buruzko ikerketa bat egin du Ekologistak Martxan taldeak, eta ohartarazi du aire kutsatua arnasten dutela Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako herritarren %72k: lau lagunetik hiruk. Azterketak dioenez, aurreko urteetako datuekin alderatuta, Ebro ibaiaren inguruko kutsadura da nabarmentzekoa; esate baterako, Tuterakoa (Nafarroa) eta Gaubeakoa (Araba). Tuteran, adibidez, irailera arte 117 egunetan gainditu dute OMEk aholkatutako gehienezko kutsadura, eta Gaubean, 135 egunetan. Taldearen arabera, eguraldiak zerikusia izan du horrekin: bero handiagoa egin du Ebro inguruan, eta horrek kutsadura areagotzen du. Bilbo-Barakaldon eta Iruñerrian ez dute nabaritu kezkatzeko gisako kutsadurarik.

Urtero egin ohi du gisa bereko azterketa bat Ekologistak Martxan taldeak. Zera ikertzen dute: ozono troposferikoaren kutsaduraren ondorioz zenbat herritarrek arnasten duten aire kutsatua. Urtarriletik irailera arte jasotako datuak dira ikerketaren oinarria, eta ondorioztatu dute OMEk ezarritako maila gainditu egin dela Hegoaldeko leku gehienetan, airea aztertzeko gailuak aintzat hartuta. Iazko egoeraren aldean, kutsadurak «gora» egin du. Taldeak nabarmendu du herritarrei eman egin behar zaizkiela datuak.

Ozono troposferikoari ozono gaiztoa ere esaten diote; eragina du osasunean eta ingurumenean. Talde ekologistak azaldu duenez, lurrazaletik hamar kilometrora dagoen geruza bat da, eta eguzki erradiazioaren eta bestelako kutsatzaileak konbinatzearen ondorioz sortzen da hango kutsadura. «Ondorioztatu dugu aurten erregistratutako tenperatura altuek zuzeneko eragina izan dutela kutsadura mailan». Erantsi dute ozonoaren kutsaduran zuzenean eragiten dutela beste sektore batzuek; bereziki aipatu dituzte garraioak, zentral termoelektrikoak eta abeltzaintza intentsiboa.

Airearen kutsadura «lehentasunezko» osasun arazotzat hartu behar da, Ekologistak Martxan elkartearen esanetan. Salatu dute erakundeek ez diotela behar bezala heldu egoerari: ohartarazi dute Hego Euskal Herriko erakundeek ez daukatela planik ozono troposferikoaren kutsadura murrizteko. Auzia gizarteratzeari dagokionez ere badute ezinegona: nabarmendu dute herritarrei ez zaiela «informazio egokia» ematen airearen kalitateari buruz.

Har daitezkeen neurriak

Taldeak nabarmendu du lehentasunezkotzat hartu behar dela airearen kutsadura murriztea, eta horretarako «kutsadura bide nagusietan» eragin behar dela. Besteak beste, neurri hauek proposatu dituzte: hirietan, adibidez, motordun ibilgailuen zirkulazioa mugatzea, eta garraio publikoaren eta motorrik gabeko ibilgailuen erabilera sustatzea; energia sortzeari dagokionez, eskatu dute erregai fosilak erabiltzen dituzten zentralak bertan behera uzteko, eta energia apustu handiagoa egiteko berriztagarrien alde.

Erakundeetan soilik ez, herritarrengan ere eragin nahi dute. Ardatz bat ikusten dute bereziki jorratu beharrekoa: zuzenean azaltzea zer gertatzen ari den. «Ozonoaren kutsadura nabarmen murriztu arte, ezinbestekoa da kutsaduraren eragina jasaten duten biztanleen esposizioa murriztea; horretarako, kutsadura maila oso goian dagoenean, informazio egokia helarazi behar da». Informazio «garbia eta ulergarria» eskatu dute. Bereziki nabarmendu dute ikastetxeen, osasun etxeen eta komunikabideen zeregina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.