AIREKO KONTROLATZAILEEN LANUZTEA

Aireko trafikoa irekita dago berriro, alarma egoera ezarri eta gero

Espainiako Gobernuak 35 urtean lehen aldiz hartu du tamainako neurria; militarren pean jarri ditu aireko kontrolatzaileak. «24-48 ordu» beharko dira normaltasunera heltzeko, aireportuak lanean hasi badira ere.

Arantxa Iraola. Donostia / Ibai Maruri. Loiu
2010eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Baziren 35 urte Espainiako Gobernuak ez zuela alarma egoera ezartzen; Franco diktadorearen erregimen garaitik. Atzo, ordea, aireko kontrolatzaileek ostiral arratsaldean osasun arazoak argudiatuz lanari utzi ziotenetiksortutako anabasa gainditzeko, ez zuen hori baino modu hoberik aurkitu: aireko kontrolatzaileei postura «burugabea» egotzi eta militarren agindupean jarri zituen. «Mobilizatuta» zeudela esan zuen Espainiako Gobernuko presidenteorde Alfredo Perez Rubalcabak: «Lanera agertzen ez badira, Militarren Zigor Kodean zerrendatutako desobedientzia delitua lepora dakieke». Sei urte arteko kartzela zigorra esan nahi du horrek. Arratsaldeko txandan, 16:00etan, lanera itzuli ziren kontrolatzaileak, eta apurka-apurka aireko trafikoa martxan jarri zen. Bere onera etortzeko, egunak beharko dira. «24-48 ordu», Jose Blanco Sustapen ministroaren arabera.

Euskal Herriko aireportuetan, Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioa AENAk kontrolatutako gainerakoetan bezala, atzo goizean ez zen batere mugimendurik izan. Kexu, konponbideren bat eskatzen zuten bidaiariek, baina ez zen hegaldi bakar bat ere iritsi, ezta abiatu ere. Forondako aireportuan (Araba) 11 hegaldi laga zituzten bertan behera, Noaingoan (Nafarroa) bederatzi, Hondarribikoan (Gipuzkoa) sei eta Loiukoan (Bizkaia) 72. Soilik Loiukotik atera ziren hegaldi batzuk, arratsaldean. Gainerako aireportuetan gaur ekingo diote berriro lanari.

Loiutik bidaiarekin atera zen lehendabiziko hegaldia 17:20an atera zen; Air Berlin aire konpainiaren hegaldi bat izan zen, Palmara (Balearrak, Herrialde Katalanak) zihoana. Apur bat lehenago, beste hegazkin bat ere atera zen Madrilera bidean, baina bidaiaririk gabe. AENAren arabera, Bilboko aireportuko kontrolatzaileak, krisiak iraun duen ia 24 orduetan, lantokian egon ziren, lanik utzi gabe.

Ikerketak martxan

Espainiako Gobernuak, printzipioz, hamabost egunerako ezarri du alarma egoera. Bide batez, aireportuetan arazo hau eragin duten aireko kontrolatzaileak zigortzeko zer neurri har daitezkeen aztertzen ari da. «AENAk egoki ikusten dituen auzibide administratibo guztiak irekiko ditu», aditzera eman du Jose Blancok. «Ezin zaie doan atera; arriskuan jarri dute Espainiako aireko espazioa; ikuspegi penaletik, oso egoera larria da». Kanaria Uharteetako Gobernuak ere salaketa jarri du kontrolatzaileen aurka.

Hainbat fiskaltzak halaber, esaterako Madrilgoak eta Kataluniakoak, abiatu dituzte urratsak lanari laga zioten aireko kontrolatzaileen aurka. Lanuztearen aldeko hautua egin zuten kontrolatzaileek, arazo fisikoak argudiatu zituzten lanari lagatzeko: estresa, takikardiak. «Ez da sinesgarria denei arazoakune berean gertatzea», ohartarazi du Madrilgo Fiskaltzak, ikerketa abiatzeko aski motibo badaudela argudiatuz. Ehun kontrolatzaile deituko ditu deklaratzera.

Pistolekin «behartuta»

Aireko kontrolatzaile zenbaitek, Espainiako Gobernuaren postura kritikatu dute, jazotako guztia haren «errua» dela esanez. Lana uztera, ostiralean bertan Ministroen Kontseiluak onartutako dekretuak eragindako «antsietateak» behartu zituela esan dute. Palmako aireko kontrolatzaile batek, Blanca Uriartek, dekretu horrek kontrolatzaileen «eskubide guztiak» urratzen dituela azaldu du eta lanari, derrigortuta ekin diotela: «Guardia Zibila sartu da, Aireko Armada, eta pistolekin, behartu egin gaituzte».AENArekin duten gatazka iazko azarotik dator, eta hainbat greba mehatxu egin dituzte ordutik. Aireportuetako jarduna pribatizatzeko urratsak kritikatzen ari dira, eta lanorduen inguruan dute gatazka handia: 1670 orduko muga jarri die dekretu berriak, eta hor baimen eta bestelakoak eransten ez die uzten.

Jose Blanco Sustapen ministroak behin baino gehiagotan salatu du beste edozein herrialdetan baino baldintza hobeak dituztela AENAko aireportuetan diharduten kontrolatzaileek. Oihartzun handia izan zuten bere hitzek, azaldu zuenean, 350.000 euroko soldata 200.0000jaitsi zietelako etorri zela kexua.



Datua

600.000

Kaltetutako bidaiariak. 600.000 bidaiari inguru kaltetu dituzte kontrolatzaileek lanari uzteak eragindako arazoek. Ordezko hegaldiak hartuko dituzte zenbaitek baina badira bidaia bertan behera utzi dutenak.





Txilera joan ezinik geratu da Miguel Sanz

Bihar Txilen eta Argentinan bidaia bat egin asmo zuen Nafarroako Gobernuko ordezkaritza batek, Miguel Sanz presidentea buru, baina aireportuetan sortu den egoeraren ondorioz, bertan behera laga dute. Atzo goizaldean Madrilen hegazkina hartzeko asmoa zuten, baina ezinezkoa izan zen.





Alarma egoera, arauturiko salbuespen neurria

Espainiako Konstituzioak eta 4/81 Legeak ematen diote Espainiako Gobernuari alarmak ezartzeko aukera. Salbuespen neurri bat da.«Ezohiko egoeretan», ohiko bideetatik «normaltasuna» lortu ezin bada, gobernuari aukera ematen dio enpresa, norbanako edo bestelako taldeetan «esku hartzeko».





Anabasaren ondorioak, mundu osora

AENAren ardurapeko aireportu guztiak ia 24 orduz geldirik egoteak eragina izan du, hein handi edo txikiagoan, ia mundu osoko aireportuetan. Oihartzun handia izan du albisteak nazioartean sona handia duten hedabideetan; The New York Times-ek, Aljazeera-k, The Guardian-ek eta beste hainbat hedabidek zabal jorratu dute. Turismoarekin lotutako industriara begira, ondorioak oso larriak izango direla azaldu dute Espainiako Gobernuko turismo arduradunek. «Ondorio ekonomiko oso larriak izango ditu honek», azaldu zuen atzo Turismo eta Barne Merkataritzako idazkari nagusi Joan Mesquidak. Finantzen munduan ere jazoerak eragina izango duela esan dute. Bihar ikusiko da, burtsan.







Kaltetutako bidaiarien eskubideak

Ostiraletik asko dira kaltetutako bidaiariek kontsumitzaileen arretarako elkarteetara egindako deiak, dituzten eskubideen berri izateko. Aire kontrolatzaileen lanuztea «iragarri gabekoa eta ustekabekoa» izan da, Koldo Nabaskues EKA Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolakundeko lehendakariaren arabera. Beraz, aire konpainiak ez dira egoeraren errudunak. «Baina ardura batzuk dituzte bidaiarienganako». Hala jasotzen da legedian. Hau bermatu beharko diete kaltetutako bidaiariei:

Bidaiatu nahi ez badute, txartela baliogabetu eta dirua itzuli behar diete.

Txartela ezeztatu nahi ez badute edo ezin badute, irtengo den hurrengo hegaldian lekua ziurtatu behar die; edo beste garraiobide batzuetan joateko aukera eman: trena, autobusa...

Hegazkina edo aukeratutako beste garraiobidea irten arte, jatekoa eta ostatua bermatu eta ordaindu behar diete bidaiariei.

Egoerak eragindako beste kalteak-ostatuko erreserba galtzea, lanera ez iristea...-AENA Espainiako aireportuak kudeatzen dituen erakundeari eskatu behar dizkiete bidaiariek.

Eskubide horiek izateko hegazkin txartela eta bestelako gastuen fakturak aurkeztu beharko dira.





Milaka bidaiarik orduak igaro dituzte Loiuko aireportuan, hartu behar zuten hegaldiarekin zer gertatuko zen jakin gabe. Informaziorik ez dietela eman salatu dute gehienek; leihatiletan sekulako ilarak sortu dira.

Zain, gogaituta, zutik, eta zer egin jakin gabe

Ibai Maruri. Loiu

Aspertuta, nekatuta, etsita, eta, batez ere, galduta. Hala sentitzen ziren Loiuko aireportuan (Bizkaia) zeuden bidaiariak atzo. Irteera gunea mukuru beteta zegoen goizean. Ez zegoen gehiagorentzako lekurik. Haien hegaldiekin zer gertatuko zen jakin nahi zuten. «Hemen inork ez daki ezer», zioen Begoña Perezek (Burgos, Espainia). Erromara joan nahi zuen. «Bihar aita santuarekin tea hartzeko hitzordua dugu, baina beste baterako utzi dugu»,egin zuen txantxa. Hegaldia bertan behera geratu zitzaien.

Maletak noiz berreskuratuko zain zeuden. Baita Elena Alvarez eta seme-alabak ere. Londreserako hegazkina hartzera etorri ziren Santandertik (Espainia). «Dirua itzuliko digula esan digu agentziak,baina ez dakit zer egin behar den horretarako». Pozik zegoen etxera itzuliko zirela jakinda.«Hiru eguneko bidaian, bat aireportuan galtzeak ez du merezi».

Jose Mari Guarrotxena eta haren lagunek ere 08:30ean hartu behar zuten Madrilerako hegazkina. Handik Granadara joateko asmoa zuten. «Zer egingo dugu ba? Dirua itzultzen badigute, gastatzera joango gara!», zioen umorez Astigarragako (Gipuzkoa) lagun koadrilak.

Izaskun Urien bilbotarrak eta gurasoek, berriz, Munichera joan behar zuten. Hegaldia atzeratu egin zieten. «18:00etan hartzea, baina, berandu da guretzat. Handik Istanbulera eramango gaituena galduko dugu», zioen etsita. Gaua Bilbon igarotzea erabaki zuten Ana Aramendi azpeitiarrak eta bi alabek, hegaldia gaur gauera arte atzeratu zietelako.«Ez dakigu egonaldia inork ordainduko digun».

Aireportuan ostatu hartuta

Amaia Garcia amurrioarraengainatuta sentitzen zen. «Greba eskubidea dute, baina gutxieneko zerbitzuak bete ditzatela». Jasotako tratuaz ere kexu zen: «Ez dugu non eseri. Lotsagarria da!».

Aireportuko langileen arabera, hainbat bidaiarik bertan igaro zuten gaua. Kafetegia, baina, 03:00etan itxi zuten. Ertzaintzak eta Guardia Zibilak, ordea, aparteko hedatzea egin zuten.Kanpoan hainbat furgoneta zituzten, eta barruan ere bazebiltzan. Gurutze Gorriaren bi anbulantzia prest zeuden, badaezpada ere.

Barajasko aireportuan (Madril) zegoen Koldo Perez, beste 90 lagunekin Mendebaldeko Saharara joateko. 09:00etan atera ziren Iruñetik; gaur 06:00 arte ez dutela hegaldirik izango esan zieten. «Espero dut kontrolatzaileek Sahararekin solidario izaten jakingo dutela, sortu duten kaltearen ordainetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.