Airekoen kutsaduraren aurka ezin dezakeela «ezer» egin esan du Loiuko Udalak epaiketan

Herritar batek salatu du Herriko Etxea, aireportu inguruko kutsadurari ez diolakoan aurre egiten; kalte-ordaina eskatu du

Erredakzioa
Bilbo
2012ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Epaitegietako atea atzo jo zuen Loiuko aireportutik (Bizkaia) pasatzen diren hegazkinek kaltetutako bizilagun baten kasuak. Salaketa ipini zion udalari, airekoek eragindakozarataren eta kutsaduraren kontra neurririk hartzen ez duelakoan. Baina herriko etxeak horren aurka «ezer» egiterik ez duela adierazi zuen atzo. Arazoa konpontzeko gaitasunik ez duela eta, kontuak AENAri eskatzeko adierazi zion salatzaileari.

Hark, baina, zarata eta kutsaduraz gain, kalte moralak eragin izana leporatu zion udalari, ez baitira gutxi izan Alfredo Herran abokatuak BERRIAri esan dionez: «Salaketa ipini zuen herritarrak jasan duen inpotentzia sekulakoa izan da. Denbora asko igaro da salaketa jarri zuenetik, paper kontuek buruhauste handia eman diote, eta udala ez da sekula ezertaz arduratu». Orain bi urte pasatxo erabaki zuen Alonso-Basañez familiak epaitegietarako bidea hartzea.

Hain zuzen ere, Pascual Alonso bera da Lur Maiteako presidentea. Elkarte hori jardun da aspaldi honetan hegazkinek sortutako arazoen aurka beharrean. Hegazkinek kutsadura akustikoa, atmosferakoa eta elektromagnetikoa eragiten dituztela diote Lur Maiteako kideek, eta justizia nahi dute. Udalak herritarrari eman dion argudioa «ulertezina» egiten zaio Herran abokatuari:«AENArekin eurek hitz egin beharko lukete, eta ez daude ezer egiteko prest».

Sententzia, hogei egun barru

Hasiera batean alde bakoitzak epaitegian idatzi bat aurkeztea aski bazuen ere, epaileak bi iritziak biltzea erabaki zuen. Bataren eta bestearen argudioak entzun ondoren, hogei egun barru emango du sententzia. Hurrengo hiru asteetan, beraz, ez dute berriz Bilboko epaitegietara jo beharko udalak eta herritarrak. Esan beharrekoa esanda dago, eta epaileak dauka azken hitza.

Salatzaileari arrazoi emateko itxaropenik, behintzat, ez zaie falta Lur Maiteako kideei, ez eta abokatuari ere. Aurrekariei erreparatuta baikor daude. Izan ere, Madrilgo Barajasko aireportuko hegazkinek herri batean kutsadura sortzen zutela frogatutzat eman zuen auzitegiak orain urte batzuk. Salatzaileak, bada, Loiuko kasua argiagoa dela dio, herriaren eta aireportuaren arteko distantzia 300 metrokoa besterik ez delako, eta Madrilgoa hogei kilometrokoa zen.

Salatzaileak 87.000 euroko kalte ordaina jasotzea eskatzen du, 2000. urteaz geroztik jasan dituen kalte guztiengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.