Angel Berrueta Iruñeko Donibane auzoko okinaren hilketagatik, Valeriano de la Peña Espainiako polizia, haren seme Miguel Jose de la Peña eta emazte Maria Pilar Rubio epaitzen hasiko dira. Herri akusazioa egiten duen Gurasoak elkarteak hilketa bat egiteagatik eska daitekeen zigor handiena, 25 urtekoa, eskatu du poliziarentzat eta haren semearentzat. Emaztearentzat, berriz, 10 urteko espetxe zigorra eskatu du, hilketaren ustezko bultzatzaile izateagatik eska daitekeen zigor handiena.
Gurasoak-ek eta hildakoaren alargunak eta alabak prentsaurrekoa eskaini zuten atzo. Mikel Vazquez Gurasoak-eko ordezkariak bidezkoa dena eskatzen dutela aipatu zuen. "Angel Berruetaren epaiketan justizia egitea nahi dugu, eta ez mendekua". Hala ere, justiziarekin izan duten orain arteko esperientzia ez dela ona gogoratu zuen. "Tamalez badugu esperientzia auzitegietan. Funtsezkoena ez dira frogak edo testigantzak eta lehentasuna egoera politikoak eta sozialak dute".
Duela hilabete eta erdi Nafarroako fiskal nagusiak eta epaiketako fiskala izanen denak egindako adierazpenak kritikatu zituen Mikel Vazquezek. Fiskalak auzokideen arteko liskarraren ondorioz gertatutako hilketa izan zela adierazi zuen. Hitzok auzia "asko baldintzatu" dute, haren ustez. Hiltzaileentzat fiskalak eskatutako hamazortzi urteko espetxe zigorra ere kritikatu zuen eta kutxa automatiko bat erretzeagatik Iruñeko gazte bati jarri zioten zigor bera dela gogorarazi zuen.
'berrrueta auzia'
Aita-semeen aurka egin du zigor eskaria Fiskaltzak; haien emazte eta amarentzat ere bai beste akusazioek, "hilketa eragiteagatik"
Gaur goizean hasi da Nafarroako Lurralde Auzitegian Angel Berrueta okinaren hilketari buruzko epaiketa. Espainiako Poliziako kide bat, haren semea eta emaztea eseri dira akusatuen aulkian. Nolanahi ere, Fiskaltzak aita-semeen aurka bakarrik egin du zigor eskaria, bataren zein bestearen kontra 18 urtekoa, hilketagatik. Beste akusazioek, ordea —familia ordezkatzen duen akusazio partikularrak eta Gurasoak elkarteak eratutako herri akuazioak— poliziaren emaztearen aurkako eskaria ere egin dute, "hilketa bultzatzeagatik". Epaiketa hastera zihoala-eta, jende asko bildu da Nafarroako Auzitegiaren atarian, Berrueta sendiari elkartasuna adierazi eta "justizia" eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu