euskal presoak

Aitor Liguerzana puntzoi batekin "hiru edo lau aldiz" zauritu dute espetxean

Foncalanteko kartzelan gertatu da erasoa. Liskar batean, preso arrunt batek sastakatu zuen bizkarrean, herenegun. Foncalenten dauden zortzi euskal presoek modulu berdinean elkartuak izatea eskatu dute.

Koldo Aldabe.
2012ko ekainaren 29a
20:23
Entzun

Aitor Liguerzana euskal presoa puntzoi batekin zauritu zuten herenegun, bere ingurukoek salatu dutenez. Foncalenteko espetxean (Alacant, Herrialde Katalanak) jazo zen gertaera, patioko ordua amaitzerakoan. Etxeratek esan du "hiru edo lau aldiz" sartu ziotela puntzoia, eta erasoa "bortitza" izan zela zehaztu du.

Salatu dutenez, preso arrunten artean liskar bat egon zen, eta ondotik igarotzerakoan horietako batek bizkarrean sastakada bat eman zion Liguerzanari. Espetxeko erizaindegian zauriak garbitu eta tetanosaren aurkako txertoa eman bazioten ere, gaua loak hartu ezinda igaro zuen euskal presoak, minaren ondorioz.

Senideak, bidean

Hamar orduren buruan, ziegara eraman zuten Liguerzana. Gaur goizean sendagaiak eta lasaigarri muskular baten beharra izan ditu erasoaren ondorioak arintzeko. Senidak bidean daude eta bihar izango dute bisita. Orduan frogatu ahal izango zaurien tamaina noraino iristen den.

Horrelako erasoak ekiditeko asmoz, Foncalenten dauden zortzi euskal presoek modulu berdinean elkartuak izatea eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.