Eusko Jaurlaritzak iazko irailean aurkeztu zien EAEko 130 udali Giza Eskubideak Urratzearen inguruko udal erretratuak txostena, baina han ez ziren ageri Aitor Zabaletaren eta Iñigo Cabacasen kasuak. Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak agindu zuen azterketa lanean jarraituko zuela, kasu berriak argitzearren eta zerrenda osatzearren, eta orain sartu ditu Zabaleta eta Cabacas biktimen zerrendan: aurrena Donostiako dokumentuari erantsi dio, eta bigarrena, Bilbokoari eta Basaurikoari.
Zabaleta 1998ko abenduaren 8an hil zen, Madrilen, Vicente Calderon estadioaren atarian, Atletico Madrileko zale batzuen eraso baten ondoren. Labankadaz egin zioten eraso. Realak han zeukan partida, eta, haren zalea zenez, ikustera joan zen Zabaleta.
Cabacas 2012ko apirilaren 9an hil zen, Bilbon, lau egun lehenago ertzain batek gomazko pilota batekin burua jo ostean. San Mames estadiotik gertu izan zen erasoa, Athleticek Europako partida bat jokatu ondotik. Athleticeko zalea zen Cabacas.
"Hasiera batean, Iñigo Cabacasen kasua ez zen udal erretratuetan sartu, haietan jasotzen diren kasuak 1960tik 2010era gertatutakoak dira eta. Hala ere, Cabacasen kasua 2010. urteaz geroztik izandako kasu deitoragarri bakarra dela kontuan hartuta, eta familia eta gertukoek behargabeko irain sentimendurik izan ez dezaten, udal erretratu horiei eranstea erabaki da", esan du Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak, ohar batean. "Cabacasen eta Zabaletaren kasuak udal erretratuetan gehitzeko erabakiaren helburua da moralki babesa ematea, ahal den neurrian, familia eta gertukoen mina arintzeko. Euskal gizarte eta erakundeen elkartasuna eta estimua adierazi nahi zaie familia haiei".