Aitor Zubillaga atxilotu dute Saran, hirugarren iheslaria aste honetan

Atxiloketak larriak direla salatu du EIPK-k, eta konponbiderako proposamena berretsi du

Paueko Auzitegiaren aitzinean egindako elkarretaratze bat, eskubide zibil eta politikoen alde. NICOLAS MOLLO.
Aitor Renteria.
Baiona
2013ko ekainaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Frantziako Poliziak Aitor Zubillaga Zumarragako (Gipuzkoa) euskal iheslari politikoa atxilotu zuen atzo arratsaldean, Saran, Lapurdin, Espainiako Poliziarekin elkarlanean. Espainiako Auzitegi Nazionalak helarazitako euroagindu eskari baten ondorioz atxilotu dute, eta Espainiako Barne Ministerioak eman du atxiloketaren berri.

2008an eta 2009an ere atxilotu zuten Zubillaga. 2008an Gotainen atxilotu zuten (Zuberoa), abuztuaren 25ean. 2000. urtean ertzain baten autoaren eta etxearen kontrako erasoan parte hartu izana leporatu zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Frantziak kanporatu egin zuen, eta Espainian epaitu zuten, 2009ko otsailean. Libre utzi zuten. 2009ko martxoan, berriz atxilotu zuten nortasun agiria berritzera joan zelarik, bertze salaketa bat zuela jakinaraziz. Libre utzi zuten biharamunean.

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak Herria Dugu Arnas izeneko ekitaldia egin zuenetik ekainaren 15ean, Frantziako Poliziak hiru iheslari atxilotu ditu, euroagindua baliatuz. Astelehenean, Jokin Aranalde atxilotu zuten Heletan (Nafarroa Beherea), eta Beñat Atorrasagasti Urruñan (Lapurdin). EIPK-k «biziki larritzat» jo ditu atxiloketok. «Gure kolektiboak ez du bereizketarik egiten. Hura osatzen duten gizon-emakume bakoitzak bere sufrikarioa gainean badarama ere, bateratasun bat osatzen dugu, eta gure helburu lehena da sufrikario hori gainetik kendu eta iheslari bilakatu gaituen arazo politikoa integralki konpontzea».

Aranalde EIPK-ko mintzaidea da, eta izaera hori azpimarratzen du kolektiboak adierazteko haren atxiloketa kolektibo osoari egindako erasoa dela. Hala, kolektiboak ekainaren 15eko ekitaldian konponbideari begira egindako proposamenen aurkako erasotzat hartu ditu atxiloketak. EIPK-k nabarmendu du proposamen hark, molde orokor eta ordenatuan, arazoari irtenbidea emateko modu eraikitzailea barnebiltzen zuela.

«Errepresioaren kolpeekin gibelarazi nahi gaituzte, atzean utzi nahi dugun garai beltz horretara itzularazi, baina adierazi nahi dugu horren guztiaren aitzinean aurrera jarraituko dugula». Mezua herritarrei igortzen diotela azpimarratu dute komunikabideetara igorritako oharrean: «Babesa da bermea, eta akordioak dira arazo politikoa konpontzeko oinarria». Urratsak egiteko prest direla erran dute. «Bide hori herriarekin batera egin nahi dugu, gure babesleekin, eragile sozial eta politikoekin eta guztiekin batera, uneotan jasaten ari garen errepresioari erantzuna eman».

Atxiloketa salatu du Pernando Barrenak ere, Sorturen izenean. Ekainaren 15eko ekitaldiaren ondoren burutzen den hirugarren atxiloketa dela azpimarratu du, eta Frantziari leporatu dio Espainiak hautatu duen gatazka estrategiara makurtzea. Ildo berean, gogoratu du Frantziak «erantzukizun politiko osoa» duela Euskal Herriak pairatzen duen gatazkan, lurraldearen parte garrantzitsu bat frantses administrazioaren menpean dagoelako. Gisa berean, gogoratu du 170 preso politiko inguru daudela gaur egun Frantziako presondegietan. «XXI. mendekoa baino gehiago Erdi Arokoa ematen duen espetxe politika baten biktimak» direla dio.

Barrenak azpimarratu du nazioarteko adituek dei egin ziotela Estatu frantsesari ere Aieteko Bake Konferentziak irekitako garai politiko berritik «eskubideen errespetuan oinarritutako agertokia sendotzera». Salatu du txiloketen bidez «bakearen ateak ireki direnean Frantzia espainiarren modura» ari dela jokatzen, bere subiranotasuna Madrilen esku utziz eta euskal auzian duen erantzukizuna baztertuz.

«Berriro egin behar zaie dei Frantzia eta Espainiari errepresioa eta estatu bortxakeria bertan behera uzteko. Euskal gizarteak erabaki du garai historiko honetaz baliatu nahi duela konponbide prozesua portu onera eramateko, bakearen alde eginez eta eskubide guztien errespetua lehenetsiz herritarren arteko elkarbizitza lortu ahal izateko».

Sortuk berretsi du Euskal gizartearen gehiengoak normalizazio politiko eta soziala helburu duela. «Indarrak biltzeko erronka daukagu; bakearen etsaiek 2011ko urriaren aurreko garaietara eraman nahi gaituzte, eta hori ezinezkoa gertatuko zaie». Hala, Espainia eta Frantziako gobernuak esan du garaiz kanpo ari direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.