Edo ahotsa eman eta erabakia onartzen da, edo alde bakarreko independentzia aldarrikapenak helduko dira. Ataka horretan ikusten du Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak erabaki eskubidearen inguruko eztabaida. Katalunia, Eskozia eta Euskal Herriko kasuak aztertzeko mahai inguruan parte hartu zuen atzo. "Aurrera begiratu behar dugu. Munduan erabakitzeko eskubidearen aldeko haizea dabil". Bilbon esan zituen atzo hitzok, Bizkaiko Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuak erabakitzeko eskubideak Espainiako Konstituzioan duen lekua eztabaidatzeko bere egoitzan antolatutako mahai inguruan.
Argi adierazi zuen Ibarretxek: "Erabakitzeko eskubidea erabili egiten da, eta ez eskatu". Lehendakari ohiaren iritziz, eskubidearen erabilera formaltzea txertatu behar da konstituzioan, eta ez eskubidea bera. "Eskubidea demokratikoa bada, lekua izan beharko luke konstituzioan. Bestela, konstituzioa aldatu egiten da. Eta kito". Adierazi zuen Espainian egin diren hamaika konstituzioren aurretik existitzen zirela Kataluniako eta Euskal Herriko herriak. Eta duten antolaketa aldatu eta beste bat emateko eskubidea dutela uste du: "Herri bat existitzen da horri forma politikoa eman aurretik".
Demokrazia dago jokoan, Ibarretxeren esanetan: "Orain, demokrazia kokatzen da eztabaidaren erdigunean, eta ez nazioa". Jatorria baino gehiago norabidea erabaki behar dela azpimarratu zuen lehendakari ohiak. Nabarmendu zuen independentziaren aldeko gogoak gora egiten duela demokrazia ukatzen denean: "Euskal herritarren zein kataluniarren eskubideak ukatu izanak independentzia gogoa handitu du". Ironia erabiliz, adierazi zuen Sabino Aranak baino independentista gehiago sortu dituela Espainiako Gobernuak.
Erabakiak errespetatzen ez badira, alde bakartasuna da geratzen den alternatiba bakarra, lehendakariaren hitzetan: "Hitza ematen ez badidazu, alde egingo dut". Bide horretan kokatu zuen erabakitzeko eskubidearen onarpena: "Eskubide hori onartzen ez baldin bada, alde bakarreko independentzia aldarrikapenak ikusiko ditugu epe motzean". Miquel Marti idazlearen hitzak aukeratu zituen Ibarretxek hitzaldia bukatzeko: "Dena dago egiteko, eta dena da posible".
Esperientzia trukaketa
Eskozia eta Katalunia ere izan zituzten gogoan atzo, halere. Ibarretxerekin batera izan ziren mahai inguruan Elisenda Casanas Edinburgoko Unibertsitateko zuzenbide konstituzionaleko kidea, Irene Martin abokatu eta Asemblea Nacional Catalanako kidea eta Iñigo Urrutia EHUko Zuzenbideko doktorea. Eta mahaian bildutako lau hizlariak bat etorri ziren puntu batean: erabakitzeko eskubidearen eztabaida politikoa da, eta ez juridikoa.
Espainiako Konstituzioan eta nazioarteko legedian erabakitzeko eskubideak duen tokiaz aritu zen Urrutia. Argi esan zuen: Euskal Herriak eta Kataluniak beren etorkizuna erabakitzeko kontsulta egiteko, badira bide konstituzionalak: "Erabakitzeko eskubidearen alde egiteak demokrazia defendatzea dakar".
Gizarte zibilak Katalunian duen papera azpimarratu zuen Irene Martin ANCko kideak. 2009an Arenys de Munt herrian egindako kontsulta ekarri zuen gogora. Kataluniaren independentziaren buruzko lehena egin zuten han, eta 214 herritara hedatu zen gero. Herritarren artean "txip aldaketa" ekarri zuen horrek, Martinen arabera: "Erabakitzeko eta antolatzeko gaitasuna dutela ulertu zuten herritarrek". Ordutik egindako egitasmoak diskurtso positiboarekin egiten dituzte: "Defentsa edo oposiziotik, baiezkorako urratsa egin zen". Iazko irailean egindako giza kate erraldoia jarri zuen horren adibidetzat: "Kataluniarrek independentzia ez dute ikusten aukera moduan; beharrezkotzat dute". Zuzenbide adituen ardura ere nabarmendu zuen Martinek. Borondate politikoa gorabehera, legedian dauden aukera legalak publiko egiteko beharra aipatu zuen.
Eskoziako prozesua azaldu zuen Elisenda Casanas Edinburgoko Unibertsitateko zuzenbideko kideak: "Erabakitzeko eskubidea prozesu gisa ulertzen dugu Eskozian. Ez da erreferendumarekin bukatuko". Adierazi zuen Erresuma Batuak Eskozia nazio gisa onartzeak gauzak erraztu zituela. Sei hilabete barru dute etorkizuna erabakitzeko erreferenduma, irailaren 18an. Azken galdeketen arabera, %40 daude independentziaren alde. "Gauzak asko alda daitezke denbora gutxian", adierazi zuen Casanasek. Erreferenduma baiezko ala ezezkora mugatu izanak tarteko aukeren zaleak lerratzera behartu dituela aitoru zuen. Eta tarteko horiek erabakiko dute balantza.