Zutik udalbatza osoa, eta Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia ere haien ondoan; halaxe egin diete gaur aitortza Villabonan (Gipuzkoa) 36ko gerran fusilatutako hiru laguni, eta identifikatu gabeko beste bati; denek urteak egin zituzten Amasako hilerrian lurperatuta, baina haietako baten izena bakarrik agertzen zen. Izan ere, Tolosatik isilpean eraman zituzten orain dela hainbat urte, sekula behar adinako aitortzarik egin gabe. Haritza elkarteak Aranzadi elkartearekin batera egin duen ikerketa lanari esker, ordea, jakin da hantxe zeudela besteak ere, eta, gaur, udaletxeko ekitaldia amaituta, Amasako hilerrira itzuli dituzte denak, omenaldi hunkigarri batean.
Jose Agustin Garmendia. Jose Antonio Garmendia. Cruz Iribarren. Guztien izenak ageri dira orain panteoi gaineko plakan. Hunkitu egin dira ekitaldian haien senitartekoak. "Emozio handiak hartu nau", azaldu zuen Maria Pilar Iribarrenek. Malkotan lehertu zen panteoi aurrean. "Ez nuen uste inoiz egun hau helduko zenik". Cruz Iribarrenen iloba zen bera, eta ez du berehalakoan ahaztuko osaba fusilatu zutenean etxean izan zuten "disgustua".
Ikerketan parte hartu du Aranzadiko auzitegi mediku Paco Etxeberriak. Era honetako ekitaldiak "beharrezkoak" direla nabarmendu du, bere txikian, garrantzitsuak. "Aitortza soziala eta instituzionala, biak dira garrantzitsuak".