OROIMEN HISTORIKOA

Aitzol eta haren belaunaldikoen omenez, Euskal Pizkundearen Plaza inauguratu dute Tolosan

Euskararen eta euskal kulturaren alde egin zuten lana eskertzeko, omenaldi hunkigarria prestatu du Tolosako Udalak. Bideoa: Tolosaldeko Hitza. [Youtube]http://youtu.be/cFo9keEkLvg[/Youtube]

jon eskudero
2013ko martxoaren 23a
18:44
Entzun

Mende bat atzera begira jarri da gaur Tolosako herria (Gipuzkoa). Izan ere, Jose Ariztimuño Aitzol eta haren belaunaldiko gizon-emakumeak ekarri dituzte gogora. Euskararen eta euskal kulturaren alde egin zuten lana eskertzeko, Euskal Pizkundearen Plaza izena jarri diote Aranburu Jauregi ondoko plazari. Ibai Iriarte Tolosako alkatearen arabera, Aitzolek eta haren lagunek honako ezaugarriak zituzten: eragile ziren eta euskararen, euskal kulturaren eta herrigintzaren alde egin zuten; berritzaileak izan ziren, eta indarra eman zioten euskarari; azkenik, haiei esker gauzatu zen Errepublika garaiko euskal pizkundea. Iriarte: "Garena gara haiei esker, eta eskertu egin nahi diegu".

Omenaldi xume bezain hunkigarria bizi ahal izan dute bertaratu direnek. Hasteko, Iriartek hartu du hitza, eta Aitzolen senitartekoak izan ditu gogoan —omenaldian bertan izan dira presente—. Ondoren, Arantzadi zientzia elkarteak eginiko bideo-dokumental bat ikusteko aukera izan da. Aitzolen historia gogoratu dute bideoari esker: apaiza zela, euskararen alde egin zuen lana, Hernanin fusilatu egin zutela... Adituen testigantzekin osatu du bideoa Arantzadik, eta urrian estreinatuko du, Aitzolen fusilamenduaren urteurrenarekin batera.

Ondoren Euskal Pizkundearen Plazara bideratu dira parte hartzaile guztiak, eta ordubeteko saioaz gozatzeko aukera izan dute. Garai hartako olerkiak ekarri dituzte gogora musika bidez, eta Ramon Labaien Donostiako alkate ohia ere mintzatu da: "Herriko hizkuntza erabiltzen zuen Aitzolek, eta oso zen gertukoa. Euskara herrikoiaren zalea zen, horixe zuen ezaugarririk nagusiena". Garbi hitz egin die belaunaldi berriei: "Orain zuei dagokizue pizkundearekin jarraitzea". Iriartek ere gogorarazi du euskararen alde lanean jarraitu beharra dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.