Aitzol Etxaburu euskal preso politikoaren izeba-osabak bisita gabe utzi zituzten iragan larunbatean Clairvaux kartzelan, Frantzian. Bisita egiteko solastokira bidean detektagailura hurbiltzen ari zirela, poltsikoetan dirua zutela konturatu zen presoaren senideetako bat, eta dirua kanpoaldeko armairuetan uzteko baimena eskatu zuen.
Etxerat elkarteak salatu duenez, dirua presoari eman nahi ziotela leporatu zieten kartzelako funtzionarioek, eta beste gela batera pasatu zituzten. Bi orduz izan zituzten, jendarmeak iritsi eta komisariara eraman zituzten arte. Dirua kendu, deklarazioa hartu eta hatz markak hartu zizkieten.