Akademiak ez du eskola elebidunik irekiko aurten

Ipar Euskal Herriko lehen mailako eskoletan hiru irakasle eta erdi kendu nahi ditu Paueko Akademia Ikuskaritzak

Aitor Renteria.
Baiona
2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Paueko Akademia Ikuskaritzak ez du eskola elebidunik irekiko heldu den eskola sartzean. Horretaz gain, kenduko eta emanen dituzten irakasle lanpostuen zenbaketaren harira, hiru lanpostu eta erdi kenduko ditu Ipar Euskal Herriko lehen mailako eskoletan. Hori da, bederen, Akademia ikuskariak heldu den astean eginen den batzorde parekideko bilkurara eramanen duen proposamena.

Hezkuntzako sindikatuek gogor gaitzetsi dute asmo hori. Proposamenak hizkuntza politikako kontraesanak argira ekartzen dituela dio Pierrette Formet-ek, SNUIPP sindikatuko ordezkariak. «Aurten ez dute eskola elebidunik irekiko Ipar Euskal Herrian, eta horrek argi erakusten du hizkuntza politikaren muga; ez da sinesgarria erratea euskararen aldeko politika ausarta egiten dutela eta aldi berean eskola elebidunik ez irekitzea edo irakasle postuak kentzea eskola elebidunean».

Jokabide «maltzurra»

Akademia Ikuskaritzak gutxienik hiru lanpostu eta erdi kenduko ditu Ipar Euskal Herriko lehen mailako eskoletan. Formeten iritziz, Akademia Ikuskaritzak «maltzurki» jokatzen du, lanpostu eskaintzen eta kentzeen arteko «oreka» dagoela erakutsi nahi duelarik. Herri txikietan galera sistematikoa dela nabarmendu du. Hala, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) eskualdean da irabazi bakarra, bereziki Hendaiako eskolei esker. Gainerateko eskualdeetan, Angelukoan, Baionakoan, Miarritzen (Lapurdi) eta Oloroeko (Biarno, Frantzia) barrutian dauden Zuberoako eskoletan irakasle postuak gutxituko dituzte.

Gainera, lanpostu murrizketa gehiago izanen dira eskoletako arduradun funtzioetan. Hori gertatuko da Itsasun (Lapurdi) eta Baionan, lanpostu eta erdi kenduko dietelarik oro har. Miarritzen lanpostu erdi bat emanen dute.

Eskola publikoaren baldintzak gero eta txarragoak direla salatu dute sindikatuek. Nahiz eta ikasle kopurua egonkorra izan edo emendatu, Akademia Ikuskaritzak irizpide ekonomikoak baliatu eta murrizketak egiten dituela kritikatu dute. Gero eta haur gehiago biltzen dira geletan, eta, zenbait kasutan, hainbat adin eta mailatako 30 haur metatzen dira irakasle bakar baten ardurapean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.