Su-etena

Akordio politiko berri baterako gutxienez Gernikako Estatutuaren pareko babesa behar dela dio Imazek

Josu Jon Imaz EAJren EBBeko presidentea Moncloako Jauregian hartu du gaur Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak. Talde parlamentarioetako bozeramaileekin bilera txanda amaituta, EAJko buruarekin bildu da gaur Zapatero, besteak beste, ETAren su-etenaren bilakaera aztertzeko. Bileraren ostean Imazek azpimarratu du gutxienez Gernikako Estatutuak bere garaian izandako babesa behar dela akordio politiko berri baterako eta ezin direla babes gutxiago duten gehiengo politikoak inposatu.

2006ko maiatzaren 4a
16:08
Entzun
Josu Jon Imazen hitzetan balizko konponbidearen gakoak bi oinarri nagusi ditu: "ez inposatu" eta "ez eragotzi". Izan ere, Imazen ustez, beharrezkoa da era berean euskal alderdiek lortutako "akordio politikoak egungo esparru juridiko-politikoan txertartzeko bidea ematea, Estatuko erakundeek lortutako akordio baten bidez".

ETAren su-etenaren bilakaera izan dute hizpide, besteak beste, bi ordu eta laurden iraun dituen bileran. Kazetarien aurrean bilera amaituta egin duen agerraldian EAJren EBBko presidenteak azaldu duenez "agertoki honetan aurrera egiteko esparru bat eta jokoa daude". Imazen hitzetan, "gakoa akordio politikoa da"eta horretarako beharrezkoa da "Euskadiko alderdi politiko guztiek elkarrizketaren egutegiak, metodologia eta prozedura ezartzeko bidean aurrera egitea". Azpimarratu du, beti ere, bakean eta askatasuna nagusi diren agertoki batean.

Etorkizuneko elkarrizketa horietan PPk ere parte hartzea espero du Imazek. Azpimarratu du EAJk ahalegin guztiak egingo ditueala alderdien mahai horretan sentsibilitate guztiak ordezkatuta egon daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.