Akordio politikoak eta amnistia beharrezkoak direla dio Etxerat-ek

Gizarteari engaiamendua eskatzen dio, bi estatuei presioa egin eta konponbidea bideratzeko

Aitor Renteria.
2006ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
«Behin betiko akordio politikoak eta preso ala ihesean diren gure senide eta lagunen etxeratzeak ardazten duten amnistia behar dugu», adierazi du Estanis Etxaburu Etxerat-eko eledunak. 1977ko egoera ekarri du gogora. Orduan ez bezala, Euskal Herri osoan errepresalitatu politikoen senide gehiago sorrarazteko zirrikiturik utziko ez duen konponbidea eskatzen du Etxerat-ek.

Etxerat-ek dio argi duela nora eraman behar duen prozesuak, batetik gatazka politikoa behin betiko gaindituko duen konponbide politikora, eta bigarrenik, gatazkaren ondorioz preso edo ihesean diren senideen etxeratzera. ETAren su-eten iraunkorraren ondorioz ireki den prozesu politikoak euskal jendartean itxaropena zabaldu duela erran du Etxaburuk. Itxaropen horrekin bat egiten dutela gaineratu du, egun horretan preso eta iheslariak senideekin egongo liratekeelako.

«Egungo egoera oso bestelakoa da, ordea, Frantzia eta Espainiaren biolentziak bere hartan jarraitzen du, senide preso eta iheslarien aurka». Bi estatuek presoen aurkako salbuespen egoera baliatzen dutela azaldu du, eta bi kasu aipatu ditu adibide gisa. Jose Mari Sagarduik 26 urte baino gehiago darama espetxean. Orain Jaenen (Espainia) dago, bakartze ziegan. Aintzane Orkolagarena da bigarren adibidea. Versaillesko (Frantzia) espetxean dago, Euskal Herritik 1.000 kilometrora. Bost urte daramatza preso, horietatik bi bertze euskal presorik ikusi gabe. Lagunen bisita gehienak debekaturik ditu, egunean 21 oren ziegan pasatzen ditu eta ez du telefono deirik egiteko eskubiderik.

SENIDEAK ERE, ZIGORTUAK. Bi estatuek presoen kontra baliatzen duten errepresioak senideak ere jomugan jartzen dituela salatu du Etxerat-ek. «Estatuek eragindako odoluste ekonomikoari aurre egiteaz gain, istripu andana jasaten segitzen dugu, baldintza txarretan Frantziak eta Espainiak eginarazten dizkiguten milaka kilometroen ondorioz».

Estatuen bortizkeriaren aurka Etxerat errebelatzen dela erran du, gizarte eragileei engaiatzeko eskaria eginez. «Errebelatu egiten gara estatuen salbuespen neurriek heriotza eta samina eragin eta konponbidea baino gatazka elikatzen dutelako». Errepresioa baliatzeaz gain, preso eta iheslariei prozesuan parte hartzea ukatzen zaiela salatu dute. Etxerat-en iritziz, egoera politikoan eragile dira eta konponbidean ere parte hartu behar dute. Prozesuak eragile guztien parte-hartzea behar duela dio Etxerat-ek. Preso eta iheslariak prozesu horretan eragile izanik, konponbidean parte hartzea ukatzea ulertezina dela dio, «Frantzia eta Espainiari gustatu edo ez».

Gizarteari dei egiten diote bi estatuei presioa egin eta konponbidearen zurrunbiloan murgiltzeko. Etxerat-ek ez du baloratu nahi presoen hurbilketa keinu politikoa izango litzatekeen edo ez. «Adierazpenen gainetik, ekintzen zain gaude».

datozen ekimenak



Azken ostirala, etzi. Hileko azken ostiraletan bezala, elkarretaratzeak eginen dira herrietan.

Errepideak, larunbatean . Eguerdian elkarretaratzeak eginen dira herrialdeetako errepide sare nagusian.

Hondartzak, abuztuaren 6an. Presoen estatus politikoaren aldeko ekimena turista gehien biltzen dituzten hondartzetara eramanen dituzte.

Jeannine BeirieEtxerat

«Norbait preso delarik familia osoa sartzen dute preso»



Aitor Renteria

Baiona

Ongi ezagutzen ditu Jeannine Beiriek Frantziako espetxeak. Lorentxa , alaba, preso dauka Frantzian. Atxilotu zutenetik etengabeko bidaiak egin behar ditu bisita labur batean ikusi ahal izateko.Familien gogoa ere preso dagoela dio.

Berriz ere mobilizaziorako deia egin du Etxerat-ek. Zer espero duzue oraingoan?

Lehenik azpimarratu nahi nuke urte luzeetan ari garela mobilizazioetan. Oraingoan hiru mobilizazio iragarri ditugu, urtero egiten ditugunak, baina aukera zabala daukate gizarte eragileek gurekin bat egin eta presioa sartzeko bi estatuei. Zeren, batzuendako gauzak aldatu badira, guretzat, familientzat, ez da deus aldatu. Beraz, betiko ekinean segitu behar dugu, borrokan, bidaiak ordaintzeko dirua biltzen, kilometroak egiten. Guretzat momentuz ez da aldaketarik.

Elkarrizketak aipatzen dira usu baina horrek aldatu du presondegietako egoera?

Oinarrizko eskubideak ukatzen dizkiete presoei eta, ondorioz, ahaideei. Errepresioa da legea, edozein estakururengatik zigorrak ezartzen dizkiete presoei. Bereziki Frantzian. Gobernuko ordezkari batzuek diote Euskal Herriko gatazka ez dela beren ardura, Espainiari dagokiola soilik. Alta, guk bisitak Frantzian egiten ditugu eta, dolugarria bada ere, erran behar dut ez dagoela aldaketarik.

Istripuak aipatu dituzue, presoei ezartzen zaien bertze zigor bat dela erranez.Hurbilketa lehen urratsa litzateke zigor hori arintzeko?

Norbait preso sartzen dutelarik familia osoa sartzen dute preso. Gure bizi guztia, egunerokoa, presondegiari buruz eramaten dugu, negua izan edo uda. Oporretan ez dugu zalantzarik ukanen mendiaren edo hondartzaren artean. Gure begiak, gure gogoak presondegietan dira eta oporrak presondegi ondoan antolatu behar ditugu. Oporrak bisita gehiago egiteko aroa dira. Hori da gure bizia, gure gogoa presoekin dagoelako espetxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.