Goizeko bederatzi eta erdietan hasi da bi indar politikoen arteko batzarra, eta ordu eta erdi inguru iraun du. EAJren izenean, Andoni Ortuzar, Pilar Garcia de Salazar, Joseba Egibar eta Koldo Mediavilla izan dira bileran. Sorturen aldetik, berriz, Hasier Arraiz, Rufi Etxeberria, Maribi Ugarteburu eta Pernando Barrenak osatu dute ordezkaritza.
Ondoren, Ortuzarrek egin ditu adierazpenak, eta esan du EAJren hiru lehentasunen berri eman dietela Sortuko kideei: bake eta elkarbizitza jokalekua eraikitzea, "krisialditik ateratzeko neurriak hartzea" eta "euskal herritarrek beren etorkizuna libreki erabakitzeko" garatu beharreko normalizazio politikoa bermatzea. Ortuzarrek gaineratu du hainbat galdera egin dizkiotela Sorturi, besteak beste, presoengandik "espero daitezkeen urratsen" eta "iraganaren azterketa kritikoaren" inguruan.
Segidan, Arraizek jakinarazi du egoera politikoaz egiten duten oinarrizko azterketaren berri eman dietela jeltzaleei. Sorturen iritziz, bigarren trantsizioa abiatu dute PPk eta PSOEk, eta Euskal Herriaren nazio eskubideak aitortu gabe itxi nahi dute trantsizio hori: "Madrilgo ateak ez daude itxita soilik ezker abertzalearentzat, baita EAJrentzat ere". Horregatik, Arraizek esan du elkarlanerako prestasuna adierazi dietela jeltzaleei gatazkaren konponbidean eta nazio eraikuntzan egin beharreko bidean. "Euskal herritarrek hala eskatzen dute".
Bide baten hasiera
Aurrez ere batzar gehiago egin dituztela jakinarazi dute bi indar politikoetako ordezkariek, eta aurrerantzean ere elkarrizketak egiteko asmoa erakutsi dute biek. Ortuzarrek aurreratu du "irail inguruan" egingo dutela hurrengo bilera. "Akordioak lortzeko jarrera dugu", esan du Arraizek.