Ezker abertzalearen kontra 2008an Seguran egindako polizia operazioaren harira eta ondoren auzipetutako 35 lagunen kontrako epaiketa amaitutzat eman zuten atzo Madrilen, eta aldeen akordioa lortu ostean, ez dute espetxera joan beharko. Marije Fullaondok prentsaurrekoan azaldu duenez, akordio horrek argi erakutsi du "borondatea dagoenean" badagoela modua gatazkaren korapiloak askatzeko. Zehazki, "biktimen arloari zein presoen etxeratzeari irtenbidea emateko" moduak topatzeko.
Donostian eginiko prentsaurreko batean, Fullaondok nabarmendu du fiskaltzarekin eta akusazio partikularrekin (AVT eta Diginidad y Justiciarekin) eginiko akordioaren "balioa" eta hori Espainiako Auzitegi Nazionalak aintzat hartu izana. Donostian eginiko agerraldian parte hartu duten auzipetuen ustez, horrek eragile denen jarduteko "molde berri bati" ireki diezaioke ateak, "salbuespen legedi eta politiken aroaren amaierari ekiteko". "Gure iritziz, oso garrantzitsua da alde guztiak asebetetzen dituen akordioa erdietsi izana. Horrela bada, espero dugu formula hau baliogarria suertatzea gatazkaren ondorioen gaindipenari begira".
Fiskaltzak, herri akusazioek eta defentsak bi urtetik beherako zigorrak adostu dituzte 35 auzipetuentzat. Akusazioak onartu dituzte akusatuek, eta baita biktimen oinazea ere; auzitegiak, berriz, onetsi du zenbait terrorismo delitu larritasunaren arabera zigortzea. Pernando Barrena auzipetuaren arabera, fiskaltzak egin zien akordiorako eskaintza, eta hori aztertu eta baietza eman zioten auzipetuek eta akusazio partikularrek.
Akusazioak onartze horretan "kontraesanik" ez dagoela azaldu du gaur Pernando Barrenak. Gogoratu du akusazioen idatzietan jasotzen diren egitate guztiek lotura dutela eskubide zibil eta politikoekin —prentsaurrekoak, bilerak, orduan legezkoak ziren alderdietako (EHAK eta ANV)...—, eta hori dela, hain justu, fiskaltzarekin eginiko akordioan onartzen dituzten akusazioak. Barrenaren, arabera, beraz, egindako lan politikoa ez zela legezkoa izan aitortu dute, baina, legezkoa izan ez arren, lan politiko hori zilegia zela aldarrikatu dute. "Beste kontu bat da akordioari buruz fiskaltzak eta akusazioek egiten duten interepretazioa", gaineratu du Barrenak.
Barrenaren arabera, "berri ona" da fiskaltzaren eta akusazioen jarrera aldaketa. "Izan dadila aro berri baten hasiera".