Politika

Akordioari "gabeziak" ikusten dizkion arren ezker abertzalearekin eta EArekin bilduko da Aralar

Hitzegiteko prestutasuna agertu du Txentxo Jimenez Nafarroako koordinatzaileak. Ezker abertzaleak eta EAk elkarrizketarako gonbidapena egin diote aste honetan Aralarri gutun baten bidez.

2010eko ekainaren 26a
17:07
Entzun
Aralarreko ordezkariak ezker abertzalearekin eta EArekin bilduko dira azken bi indar politiko horiek egin duten akordioaren inguruan hitzegiteko. Hala esan du Txentxo Jimenez Aralarren Nafarroako koordinatzaileak, nahiz eta zehaztu duen aipatutako bi alderdiek euskal estatua eratzea helburu hartuta lortutako akordioari "gabezia larriak" ikusten dizkiotela. Lizarran egin ditu adierazpen horiek Jimenezek, han egin baitute Nafarroako Aralarren Kontseilu Politikoaren bilera.

Nolanahi ere, Jimenezek agertu du akordioak "dimentsio nazionala" duenez Aralarren zuzendaritzan erabaki beharko dela ezker abertzalearen eta EAren gonbidapenari zer erantzun eman, baina bilera egingo dutela ziurtzat jo du: "Bilera egingo dugu haiekin, inoiz ez baitiogu uko egin inorekin biltzeari, eta dena lasai aztertuko dugu".

Joan den igandean egin zuten hitzarmena ezker abertzaleak eta EAk, eta aste honetan, bi alderdi horietako ordezkaritza batek gutuna eraman zuen Aralarren Iruñeko ordezkaritzara akordioaren inguruan elkarrizketak hasteko gonbidapena eramatera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.