Nafarroa Bai

Akordioei eustea eskertu dio ezker abertzaleak EAri, eta horiek garatzeko lan egitera deitu du

Moreno: «EAk erakutsi du zuzendaritzari eta militanteei dagokiela erabakitzea, kanpoko esku-hartzerik gabe»

Erredakzioa
2011ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Nafarroako ezker abertzaleak «txalotu» egin du Eusko Alkartasuneko nazio batzarrak herenegun gauean harturiko erabakia: NaBain jarraitzea baina ezkerreko indarrekin izenpetutako akordioei eustea.

Txelui Moreno eledunarentzat, EAk erakutsi du alderdiko zuzendaritza organoei eta militanteei dagokiela erabakiak hartzea, «beste alderdien kanpoko esku-hartzerik gabe». EAJk, Aralarrek eta «Uxue Barkosek gidatutako independenteek» hitzartutako «hiruko akordioak» Pello Urizarren eta Maiorga Ramirezen alderdiari «inposatu» zizkion baldintzen aldera men egin ez izana eskertu dio Morenok EAri. Morenok dioenez, «Urkulluk inposatutako eta Zabaletak eta Barkosek onartutako baldintzak» dira EAk ezker abertzalearekin hitzartutako akordio guztiak —Lortu Arte eta Euskal Herria Ezkerretik— haustea eta alderdi hori NaBain sartzeari betoa ezartzea, eta ez dute besterik bilatzen «EA koaliziotik kanporatzea eta espazio ezkertiar, progresista eta abertzalea ahultzea» baizik. Espazio hori abian da, ezker abertzaleko eledunaren arabera, «ilusioa eragin du herritarrengan, eta, aldiz, urduritu egin dira euskal eskuina eta espainiarra, baita PSOE ere».

Hori dela eta, EAk akordioei eutsi izana txalotzeaz gain, «pertsona ezkertiar, progresista eta abertzale guztiei» deia egin die ezker abertzaleak akordio horiek «garatzeko eta praktikan jartzeko» lanean has daitezen.

NaBairekin biltzeko prest

Egungo egoera politikoak «exijitzen duen maila ematera» behartuta daude indar guztiak, Morenoren arabera, aldaketa politikoa eta soziala abian jar daitekeelako «gai bagara alboratzeko interes pertsonalak edo alderdikoiak, eta gizartearen onurari begira jartzen bagara».

Indarrak metatu behar direla dio ezker abertzaleak, eta oraindik garaiz daudela uste du, «borondatea izanez gero». Horregatik NaBaiko ordezkariekin biltzeko asmoari eusten diotela gogorarazi du Morenok, ezker abertzalearen proposamena, «aldaketa politikoko programa argi bati begira indarrak batzera zuzendua», lehen eskutik helarazteko. Proposamen hori duela bi aste aurkeztu behar zion NaBairi, baina bilera bertan behera geratu zen; ezker abertzaleko ordezkarietako bat, Gorka Mayo, atxilo eraman baitzuten. Hamalau puntu ditu proposamenak, baina Morenok hirutan laburbildu ditu: «Euskal Herria, ezkerra eta Gernika».

«Beteegiz zorroa...»

NaBai barruan jazotakoaren irakurketa gogorragoa egin du ezker abertzaleak bere webgunean. Hilabeteotan, NaBain «tronurako asaldu basatia» gertatu dela dio, eta EAJren, Aralarren eta independenteen jokabidea «Sanz edo Del Burgorenaren modukoa» izan dela. Beteegiz zorroa, lehertuz doa dio ezker abertzalearen oharraren izenburuak, eta jazo denarekin, NaBairen «imajinario sinbolikoa» eta nafar eskuina boteretik kentzeko dituen aukerak «hustu» egin direla ondorioztatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.