Ramiro Gonzalez EAJko legebiltzarkide taldeko bozeramaileak azaldu duenez, PP ez da "prest" egon aldundiaren 2015eko kontuetan aldaketak egiteko. Aste honetan bilduta egon dira bi alderdiak, baina jeltzaleek "argi" ikusi zuten popularren jarrera haien ikuspuntutik "urrun" zegoela.
EH Bilduk eta PSEk iragarria dute osoko zuzenketa aurkeztuko dutela —EAJk dio astelehenean argituko duela aurkeztuko duen ala ez—, eta, beraz, aurrekontuak luzatzeko bidean dira Araban.
Cristina Gonzalez Arabako PSEren idazkari nagusiak EAJri eskatu dio utz diezaiola "PPren satelitea" izateari. Gonzalezek argudiatu duenez, osoko zuzenketa aurkeztuko dute aurrekontu proiektuak ez dielako "okerren daudenei erantzuten". Gaineratu du kontuek ez dutela "aldundiak hiru urteotan suntsitutako enplegua berreskuratzen".