Fiskaltza, herri akusazioa eta akusazio partikularra bat etorri dira: Cristina Estebanezen hilketa «prestatu», «planifikatu», «kalkulatu» egin zuen haren bikotekide ohiak, Seidel Martinez ustezko hiltzaileak. «Akusatuak bazekien zertan zebilen. Cristina hil nahi zuen», berretsi zuen fiskalak atzo, genero indarkeriaren kasu horren epaiketaren lehen saioan. 2010eko abenduaren 6an Estebanez hiltzea eta haren orduko bikotekide Aingeru Cerecedo hiltzen saiatzea leporatuta, 35 urteko espetxe zigorra eskatu zuen fiskalak Martinezentzat. Defentsak ez zuen ukatu auzipetuak Estebanez hil izana, baina bai erasoa antolatu izana. Hala, akusatuak adierazi zuen ez zuela Estebanez hil nahi, eta barkamena eskatu zien haren sendiari eta Cerecedori: «Oso damututa nago».
Zinpeko epaimahaia osatu ostean abiatu zen atzo epaiketa, akusatuaren deklarazioarekin. Datozen egunotan, lekukoak eta frogak aurkeztuko dituzte aldeek. Horien bidez, akusatuak hilketa gauzatzeko «plan» bat zuela azaleratu nahi dute fiskalak eta akusazio abokatuek.
Haien arabera,urruntze agindua zuen arren, hilketaren egunean Martinez indarrez sartu zen biktimaren etxean, Barakaldon (Bizkaia). Eraikina obretan zegoela aprobetxatuta, aldamioez baliatu zen teilatura igotzeko, eta eskaladarako materiala erabiliz, Estebanezen balkoira jaitsi zen, hamargarren solairura. Han, gutxienez bihurkin bat erabili zuen leihoa behartu eta etxean sartzeko. Fiskalak esan du akusatuak motxila batean zeramala material hori guztia eta horrek adierazten duela erasoa prestatuta zegoela: «Planifikazioa ez dator bat zoriarekin edo haserrealdi batekin».
Etxearen barruan ezkutatu egin zen, ustez, akusatua. Estebanez eta Cerecedo heldu zirenean, gizonari eraso zion lehenik: lepoa moztu zion labankada batez, baina Cerecedok ihes egitea eta laguntza eskatzea lortu zuen. Ondoren, Estebanezengana jo zuen, eta bi labankada eman zizkion lepoan, bizkarretik: lehena hiltzeko modukoa zen; bigarrena, hilgarria ezinbestean. Fiskaltzak eta akusazioek frogatu nahi dute Cerecedok eta Estebanezek ez zutela defentsarako aukerarik izan.
Haien bertsioa eta frogak ontzat hartzen badira, zaila izango du defentsa abokatuak erasoa haserrealdi baten ondorioz gertatu zela demostratzea. Izan ere, Estebanezen hilketa eta Cerecedoren zauriak «istripuz» gertatu zirela argudiatuta, delitu mota aldatzeko eskatu du: Estebanezi egindakoa, hilketa beharrean, homizidioa dela uste du, «ez zuelako nahita egin», eta Cerecedori egindakoa, hilketa ahalegina beharrean, lesio fisikoak, «ez zuelako hura hiltzeko asmorik, ez baitzuen ezagutzen».
Ildo horretan prestatu du abokatuak defentsarako estrategia. Hasteko, ukatu egin du akusatua teilatutik eskegita indarrez sartu izana biktimaren etxean. «Cristinak emandako giltza batekin sartu nintzen», adierazi du Martinezek. Hala ere, fiskalak argitu du ustezko hiltzailearen oinetakoekin bat datozen aztarnak aurkitu zituztela eraikinaren fatxadako hodi batean eta leiho bateko kanpoko aldean.
«Burua galduta»
Erasoaren unean akusatuak «burua galdua» zuela frogatu nahi du defentsak. Martinezek azaldu zuenez, «hitz egitera» joan zen biktimarenera, harremana moztu berritan, «azalpen bila». Egongelan eserita itxaron zion, eta ez ezkutuan; Estebanez bikotekidearekin agertu zenean, «engainatuta» sentitu zen, «jeloskorregi».
Cerecedorekin eztabaidatzen hasi zela deklaratu du, eta hark atera zuela aiztoa: «Egongelako bitrina batean zegoen katana hartu nuen, uste nuelako erasoko zidala. Aiztoa kendu nion, eta borrokan, labana sartu nion. Istripuz gertatu zen». Fiskaltzaren arabera, Martinezek bere etxetik eraman zuen aiztoa, eta katana erori zitzaionean hartu zuen.
Estebanez hil zueneko uneaz, ordea, ez da oroitzen akusatua: «Oihu egiten ari zitzaidala gogoratzen dut, eta, ondoren, lurrera erortzen ikusi nuela». «Ordurako jada ez nintzen pentsatzeko gai», erantsi du. Ondoren, bere etxera joan zen, eta egindakoa aitortu zion amari.
Testigantza horren bidez, defentsak agertu nahi du akusatua ez zela bere ekintzen jabe. Era berean, Martinezen buru gaitasuna zalantzan jarri du: batetik, ohi baino adimen koziente baxuagoa duela jakinarazi du, eta, bestetik, nortasun nahasmendua daukala. «Horrek oldarraldiak kontrolatzeko gaitasuna murrizten edo baliogabetzen dio», azaldu du abokatuak. Hala, hiru aringarri aplikatzeko eskatu du: aitorpenagatik, haserrealdiagatik eta buru nahasmenduagatik.
Fiskaltza eta akusazioak, ordea, arazo psikikorik ez duela demostratzen saiatuko dira. Akusazio partikularreko abokatuak nabarmendu du akusatuak «aurrez pentsatua» zeukala Estebanez hiltzea, eta horren seinaletzat jo du haren kontrako zortzi urteko zigorra dagoela biktimari ohiko tratu txarrak, hertsatzea eta mehatxuak egiteagatik —hilketaren ostean epaitu zuten—. «Biktimarekiko delituzko harreman bat zeukan», ondorioztatu du. Martinezek erantzun du Estebanezek jarritako salaketa faltsua izan zela eta ofiziozko abokatuak gomendatuta onartu zuela zigorra.
Edonola ere, fiskalaren 35 urteko eskaera 40ra igo du akusazio partikularrak, eta delitu bat gehitu: Cerecedori lesio psikikoak egin izana. «Bikotekidea kendu zion». Gaur deklaratzea espero da.
Akusatuak Estebanezen hilketa «planifikatu» zuen, fiskalaren arabera
Hilketa «haserrealdi» baten ondorioz eta «istripuz» gertatu zela argudiatuta, homizidioa izan zela uste du defentsakDamua agertu, eta biktimen sendiei barkamena eskatu die Seidel Martinezek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu