Akusazioak ukatu, eta torturak salatu dituzte bederatzi gazte nafarrek

Segiko edo Ekineko kide izatea egotzita, zortzi eta hamar urteko kartzela zigorrak eskatu ditu fiskalak epaiketan

Kartzelan ez diren hiru auzipetu gazteak, atzo, Espainiako Auzitegi Nazionalaren eraikinaren aurrean. ATEAK IREKI.
Erredakzioa
2011ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak bederatzi gazte nafarren aurkako epaiketa hasi zuen atzo. Akusazioak eta defentsak eskaerak berretsi, eta akusatuen deklarazioekin amaitu zen lehen saioa. Hamar urteko kartzela zigorra eskatu du Fiskaltzak akusatuetako batentzat, Ekinen Nafarroako arduraduna izatea leporatuta. Zortzina urteko zigorrak galdegin ditu gainontzekoentzat, Ekineko edo Segiko kide izatea egotzita. Defentsarako abokatuek, guztiak absolbitzeko eskatu dute.

Tortura testigantzak utzi dituzte akusatuen deklarazioek, eta frogen ahulezia erakutsi. Hain zuzen, epaituek guardia zibilen eskuetan inkomunikazio egoeran atxilotuta egonik egindako deklarazioak dira froga nagusia; gazteen hitzetan, torturapean ateratako deklarazio faltsuak. Miaketetan atzemandako pegatina, CD, elastiko eta antzekoak dira akusazioek frogatzat aurkeztu dituzten gainerakoak.

Maider Caminosek du zigor eskaera handiena: hamar urteko kartzela eskaera, Ekineko arduradun izatea egotzita. Ukatu egin du akusazioa Zizurreko gazteak. Guardia Zibilak 2008ko abuztuan atxilotu eta inkomunikatu zuenean, torturatu egin zutela kontatu du. Horrela behartu zutela bera eta beste akusatu batzuk Ekinekoak zirela esatera.

«Madrilera eramateko gogoa zutela esaten zidaten hasieratik guardia zibilek; han nirekin ondo pasatuko zutela, eta lehertu egingo nindutela», kontatu du. «Poltsaren tortura zenbat aldiz egin zidaten kontua galdu ere egin nuen. Esaten niena ez bazuten gustuko, estutu egiten zuten poltsa». Areago, Caminosek kontatu duenez, guardia zibilek eskaintza bat ere egin zioten. Haiek nahi zuten informazioa eman ezkero, aske utzi, eta 2.500 euroko soldata ere emango ziotela agindu zioten. Inkomunikazio aldiaren ondoren epailearen aurrera eraman zutenean, torturak salatu zituen Caminosek, eta guardia zibilei esandakoak gezurrak zirela azaldu zion epaileari. Hala ere, preso dute ordutik.

Antzeko kontakizunak egin zituzten gainerako akusatuek atzo: Luis Goñik, Javier Sagardoik, Aritz Azkonak, Mikel Jimenezek, Alberto Lopezek, Maitane Intxaurragak, Amaia Legarrak eta Noe Lopezek. Horietako bakoitzarentzat, zortzi urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak. Mehatxu, umiliazio, tratu txar eta torturak jasan izana salatu zuten guztiek, eta poltsarena izenez ezagutzen den tortura nola egin zieten izan zen gehien errepikatu zuten kontakizuna.

«Infernua izan zen», esan du Alberto Lopezek plastikozko poltsa buruan jarri eta ia itotzeraino nola estutzen zioten azaltzerakoan. «Poltsaren saio bat eta bestearen artean ur izoztua botatzen zidaten, espabilatu nendin». Horrez gain, barrabiletan ostikadak eman zizkiotela, kolpatu egin zutela, ariketa fisikoak akitu arte egin arazi zizkiotela, «eta poltsa, poltsa eta poltsa» etengabe jasan zuela kontatu dio epaimahaiari.

Adierazi duenez, guardia zibilek beraiek asmatutako deklarazioa buruz ikasarazi zioten, eta, zerbaitetan okertuz gero, berriro torturatzen zuten. «Talde terroristako kide» izatea leporatzeko Lopezen aurka aurkeztutako gainontzeko «frogak», egurrezko eskultura bat, Amnistiaren Aldeko Batzordeen erloju bat, 2002ko errepresioaren balantzerako txostena eta elastiko bat dira.

Intxaurraga, Lopez eta Legarra etxetik joan ziren Auzitegi Nazionalera atzo; gainontzekoak, preso dituzte. Hala ere, hiru horiek ez ziren Euskal Herritik joandako bakarrak izan. Nafarroako lagun ugari joan ziren Madrilera babes ematera; horien artean, ezker abertzaleko Txelui Moreno, NaBaiko Consuelo Goñi, Bilduko Bikendi Barea, ESK-ko Xabier Barber, eta LABeko Expe Iriarte.

«Bada Auzitegi Nazionala desagertzeko garaia, normalizaziorako bidean urratsa egiteko», esan zuen Morenok, epaiketa politikoak amaitzeko eskatzeaz gain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.