Auziko bi amek deklaratu dute gaur Iruñean, Nafarroako Auzitegian: Nagore Laffage hildako neskaren amak eta haren ustezko hiltzaile Jose Diego Yllanesenak. Iazko uztailaren 7an hil zuten Laffage (Irun, Gipuzkoa), Iruñean, eta Yllanesek asteartean aitortu zuen berak hil zuela. "Hilketaren ondorengo egunetan alabaren lagunek esan zidaten euren ustez Yllanes izan zitekeela hiltzailea", adierazi du Asun Casasolak.
"Neska jatorra zen Nagore, bizia, alaia, irekia, heldua eta lagun asko zituen", esan du haren amak. "Uztailaren 8an izan zuen alabaren heriotzaren berri, Ertzaintzaren bidez, eta Iruñera joan nintzen senide batzuekin, gorpua ezagutzeko asmoz. Neuk ez nuen ikusi, nire ahizpak baizik".
Alabak gizonezkoekin "esperientzia txarrik" ez zuela izan esan du Casasolak. "Izan balitu, salaketa sartuko zukeen edo kontatu egingo lidake. Oso-oso garbi dut hori". Yllanesek bere deklarazioan adierazi zuen, Laffagek mutil batekin esperientzia txarra izan zuela kontatu ziola.
Hilketatik aurrera tratamendu psikiatrikoa jasotzen ari dela aitortu du, eta ia ez duela lorik egiten. "Hau buka dadila eskatzen dut, atzera familia izateko gurea". Berriro eskatu du "justizia".
Yllanes "joanda bezala zegoen"
Yllanesen amak adierazi du semea ez zuela ikusi uztailaren 8ra arte -hilketa 7an izan zen-; Sorogainen egon ziren. "Joanda bezala zegoen, hotzik, eta bakarrik uzteko eskatu zigun, ezin zuela horrela segitu". Aurretik harekin telefonoz mintzatzeko saioak izan zituela jakinarazi du.
Semea ez omen zen parrandazalea. Baina "juergara irteten zenean, batzuetan ez zen ondo itzultzen", eta amak "errieta" egiten zion. Yllanesen amaren arabera, hura "ez zen autoritarioa eta kapritxoduna".
Gaur arratsaldean defentsaren lekuko batzuk deklaratuko dute. Bihar, berriz, Yllanesen neska-lagun ohiak. Epaiketa datorren astelehenean amaituko da, azaroaren 9an, eta azaroaren 11n epaia emango dute.
nagore laffage auzia
"Alabaren lagunek esan zidaten Yllanes izan zitekeela hiltzailea", dio Nagore Laffageren amak
"Nagore neska jatorra zen, bizia, alaia, irekia, heldua eta lagun asko zituen", esan du haren ama Casasolak. Ustezko hiltzailearen amak adierazi du bere semea ez zela autoritarioa. Epaiketa datorren astelehenean amaituko da eta epaia bi egun beranduago emango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu