1.300 lagun inguru bildu dira azken urteetan alarde mistoan, eta, aurten, 12 konpainietan, kopuru hori gainditu dute. 10:20an abiatu dute desfilea Urdanibia plazatik, Irungo jaietako egun handian.
[youtube]https://youtu.be/unja8d40CdM[/youtube]
Hunkituta zen jendea hasieran. Iraia Maillo, iaz atera zen lehenengoz alardean, kantinera. Aurten, berriz, soldadu da: "Behin probatuta, ezin espaloira itzuli". Hasieratik ari da Jaione Otxoa: "Jai herrikoiak espero ditut", esan du. Aintzindaria, Elizabeth Olaskoaga ere: "Espero dugu jende asko".
Udalak eta Gipuzkoako Batzar Nagusien ez diete harrerarik egingo alardeari, baina babesa ematera ere joan dira hainbat politikari. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria han da. "Egokitutako" tradizioen defentsa egin du Landaidak, eta esan du Jose Antonio Santano Irungo alkatearen jarrera "ulertezina' dela, "tamalgarria". Plazara iritsi direnean, ordezkaritza instituzionala zain zuten arkupetan, eta, han, Josetxo Arrieta Podemoseko senatariak eman die bandera, txalo eta poz oihu artean.
Eider Mendozak Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Maria Eugenia Arrizabalaga batzarkide jeltzalea Iñaki Agirre eta Irune Berasaluze jeltzaleak ere izan dira. Bi alardeak ikusi dituzte haiek, udaletxeko balkoitik. Aurreneko biek lehen aldiz ikusi dute desfile parekidea, "errespetua" hitza ezpainetan. EAJko kideen presentzia nabarmena izan da aurten bi alardeetan, nahiz eta Batzar Nagusietan Irunera ez joatea erabaki zuten.
Maria Valiente (Podemos) eta Maddalen Iriarte (EH Bildu) ere solastatu dira Irungo udaletxeko arkupetan. Iriartek esan du Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak zein Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak bertan egon behar luketela; Valientek alkatearen jarrera "immorala" gaitzetsi du.
Han da Arantxa Iraola kazetaria:
Hogeigarren urtea dute aurtengoa, eta urteurrena ospatzen ari dira hainbat ekitaldirekin. Ez da bide erraza izan. Giro zailean jaio ziren, eta arrastoa oraindik agerikoa da: udalarekin, esaterako, harremanik ez dute; azken bilera, 2003an.