EH Baiko kontseilari Alain Iriartek Infozazpi irratian iragarri du bere burua aurkeztuko duela Departamenduko Kontseiluko lehendakaritzarako. Aukerarik egokiena dela uste du Iriartek: "Ikusiz gure proposamenak beste taldeek ez dituztela untsa hartzen, pentsatzen dut independente gisa presentatuko naizela, Euskal Herriak eman duen aintzinakada markatzeko eta Euskal Herriko instituzioen beharra markatzeko».
Sozialisten hautagaia, berriz, Marie-Pierre Cabane izango da. Marie Christine Aragon Baiona 3n PSko hautagai izan denak jakinarazi du twitter bidez.
Groupe de la Gauche Départementale - notre candidate Marie-Pierre Cabanne élue à l'unanimité #départementales64
— Aragon MC (@MACragon) March 31, 2015
Hala ere, ezusterik ezean, Jean Jacques Lasserre zentrista izango da presidentea. Izan ere, eskuineko akordioak proposatzen duen hautagaia da eta hari emanen diote eskuineko 32 kontseilariek boza. 2001etik 2008ra hura izan zen Pirinio Atlantikoetako burua, beraz, kargura itzuliko litzateke.
Presidentea izendatzeaz gain, batzordeen osaera eta presidenteordeak ere hautatu beharko dituzte etzi. Lehen aldiz parekidea izanen da kontseilua.