Iriartek UMP-Modem taldeko lehendakarigaiaren alde bozkatzen balu, berdinketa gertatuko litzateke. Kasu horretan, Kontseilu Nagusiko hautetsi zaharrenaren esku geldituko litzateke lehendakaritza. Zaharrena Jean Castaings da, Bastidako kontseilari nagusia. Ez du kargu horren hartzeko asmorik, eta litekeena da Juliette Seguela Miarritze Ekialdeko kontseilari nagusiari uztea lehendakari kargua, baldin eta Iriartek ez badu ezkerrekoaren alde bozkatzen edo ez bada abstenitzen. Castaings eta Seguela Lasserreren talde berekoak dira. Biak ere Ipar Euskal Herrikoak. Sozialisten lehendakarigaia Georges Labazee da, biarnesa.
SOZIALISTEK, GORA. Iriartek jakinarazi du oraindik ez duela erabaki zer eginen duen, baina bozkatuko duela ziurtatu du. Bere hautagaitzaren berri eman zuenean ez zuen ukatu Jean-Jacques Lasserrerekin laneko harreman ona duela, eta Hiriburuko kantonamenduko dosierrak hobekien aitzinaraziko lituzketenen artean ikusten zuela. Baina Lasserre ez da Kontseilu Nagusiko presidente izanen.
Lasserrek argi utzi du, ordea, Pirinio Atlantikoa osatzen duten «bi eremuek [Euskal Herria eta Biarno] baturik» egon behar dutela. Hots, departamendua bitan zatitzearen aurka dagoela berretsi du presidente karguari uko egin behar izan diola jakinarazi duenean. Georges Labazee sozialista ere euskal departamenduaren aurkari sutsua da. Labazee gogor mintzatu izan da euskaldunen aurka zenbait urte lehenago. Horren alderdikideetan euskal departamenduaren, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren eta euskararen ofizialtasunaren aurkari handiak badira, besteak beste, Jean Espilondo eta Guy Mondorge Angeluko kontseilari nagusiak.
Guy Mondorgek aulkia kendu zion igandean Beñat Gimenez Modemeko kontseilari nagusiari, Angelu Hegoaldean. Sozialistek beste aulki bat irabazi zuten Lapurdin. Kotte Ezenarrok eskuratu zuen kontseilari nagusi kargua, eta Daniel Poulou deus gabe gelditu da. Biarnon beste bost aulki eskuratu dituzte sozialistek. Baina ez da nahikoa izan gehiengoa uzkaltzeko. Baina, ontsalaz, kontseilari nagusi gehienak PS alderdiaren etiketarekin hautatuak dira. 28 dira PSko kontseilari nagusiak, berez. Baina Biarnoko bat eta Baionako Monique Larran-Lange UMP-Modem alderdien aldera pasatu ziren iaz. Horregatik gertatu da, orain, berdinketa.
Modem-UMP oraino kinka larriagoan izanen zen, baldin eta Baigorrin Jean-Mixel Galant abertzaleak irabazi balu. 90 bozen aldea izan da Jean-Baptiste Lamberten eta Galanten artean. Lambert Baigorriko auzapeza (UMP) izanen da, orain, kontseilari nagusi. Jacques Irumeren botoak eskuratu ditu.
Bigarren itzulia ukan duten beste hiru kantonamenduetan ez da aldaketarik izan. Bernard Auroyk (Modem) Uztaritzeko kontseilari nagusi postuari eutsi dio. Juliette Seguela (Modem) izanen da berriz ere Miarritze Ekialdeko kontseilari nagusi. Azkenik, Philippe Juzan Donibane Lohizuneko kontseilari nagusiak (UMP) irabazi zituen hauteskundeak igandean.
Biarnon ezkerra nagusi, Ipar Euskal Herrian eskuina
Pirinio Atlantikoak bi departamendutan banatuko balira, oraingo aulki banaketaren arabera, Biarno ezkerrak kudeatuko luke eta Ipar Euskal Herria eskuinak. Biarnok 31 kontseilari nagusi ditu. Horietatik 20 sozialistak dira, eta beste 11 Modem eta UMP alderdietakoak. Ipar Euskal Herriak 21 kontseilari nagusi ditu. Horietatik 14 UMP edo Modem alderdietakoak dira, sei sozialistak eta bat etiketarik gabe.Horrek ez dirudi, ordea, euskal departamenduari buruzko iritziak aldatuko direnik. Biarnoko sozialistek (eta Euskal Herriko batzuek) departamenduaren aurka izaten segitzen dute. Guy Mondorge Angelukoa aurka dago eta Kotte Ezenarro Hendaiakoa alde. Ipar Euskal Herriko eskuineko kontseilari nagusi gehienek ere departamenduaren aurkako jarrera dute.