Ikasle hoberenaren edo irakasle aspergarrienaren plantak ditu hitza hartzen duenean. Asko omen daki, bereziki Europako kontuez. Europako Parlamentuan «eredugarria» omen da, Frantziako eurodiputatuak ez bezala, haiek ez baitute «fama ona». Itxura guztien arabera, ordea, ikasle hoberena izateak saritu baino gehiago zigortu du irakasle aspergarria izateak. Alain Lamassoureri ez omen zaizkio gustatzen «laburpen probokatzaileak, people gisako argazkiak»... Hots, ez omen da biziki ezaguna.
Eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak ezagunak nahiago. Europako hauteskundeetarako UMPko zerrendaburuak hautatzerakoan, «hauteskundeetarako motorrak» nahi zituen. Ipar Euskal Herria hartzen duen hauteskunde barruti zabaleko zerrendaburu izateko ez zitzaion aski egokia, beraz, Alain Lamassoure. Duela bost urte, gainera, Lamassourek gidatu zerrendak gutxigatik ez zuen lortu hirugarren hautetsia, eta gaitasun falta hori leporatzen dio orain UMPk.
Gainera, Lamassoure historikoki beti UDF alderdikoa izan zen, baina 2003an UDF utzi eta UMPn sartu zen, Europako hauteskundeetarako boz sistema aldatzearen ondorioz, aukera gehiago zuelako UMPko kide gisa aurkeztuz. Orain, UMPk orduan eman aukera UMPk kendu dio. Haren ordez, Dominique Baudis Tolosako (Frantzia) auzapeza hautatu du Eliseoko nagusiak, zerrendaburu izateko. UMPk inkesta bat eginarazi zuen, bi hautagaien artean zein hautatu erabakitzeko. Inkestaren emaitzei kasu eginez, Baudis hautatu eta Lamassoure hirugarren postuan utzi dute.
UMPkoentzat, Lamassoure «euroteknokrategia» da, ez aski «mediatikoa». «Frantsesak aspertuak dira itxura teknokratikoegi horretaz. Beste irudi bat duten zerrendaburuak behar dira», adierazi zuen UMPko arduradun batek, duela zenbait denbora. Alain Lamassoureri ez dio ezertarako balio izan Nicolas Sarkozyk Europako Batasuneko lehendakaritza zuen garaian ahal bezala argazkietan agertzeak. Behin, telebista piztu eta Sarkozy norbaitzuekin solasean ari zen, eta argazki tresnak eta telebistako kamerak irudiak hartzen; Sarkozyren gibeletik, buru bat agertzen zen, agertu nahi zuen... Baina ez zuen lortu bigarren planotik ateratzea. Bizian behin telebistan agertzeko asmoz kameren arreta bildu nahi duen ikusle lepo luze baten gisan gelditu zen Alain Lamassoure.
«Pobretze intelektuala»
Frantziaren ordezkaritzan, «pobretze intelektual» bat gertatzen ari dela kritikatu dute batzuek, hainbat analisi eta blogetan. Leloek dosierrek baino gehiago eta alderdiarekiko leialtasunak ideiek baino gehiago balio dutelako kexu dira batzuk. Lamassoureren txostenak eta ideiak ez dituela aski eskertu leporatu diote batzuek Sarkozyri. Lisboako ituna idazteko lanaren zati handi bat Lamassoureri zor diola diote. Lamassoure bera mindua atera da erabaki horretatik, eta haserre ere bai: «Gaitasunak biziki gaizki erabiltzea da hori».
Zerrendaburu kargutik baztertuz gero ez zuela zerrendan parte hartuko erran zuen hasieran. Parekotasun legea dela eta, bigarren postua emazte bati dagokionez (oraindik ez dute erabaki zein izanen den), Lamassoureri hirugarrena baizik ezin izan diote eskaini. Postu horretan, hautetsi kargua berriz ere lortzeko aukera mugatuak ditu: hortxe-hortxe ibiliko da.
Hastapenean, zerrendaburu ez bazen, beste gisako kargu bat nahi zuela erran zuen: Frantziaren ordezkari Nazio Batuen Erakundean, Frantziako Gobernuko ministro, Europako diplomaziako kargudun edo beste. «Hogei urteren buruan Europako Batasuna zer izanen den zehaztuko duen batzordeak lehenbizikorik entzunen duen pertsonalitatea naiz», dio. Baina horrek ere ez dio balio izan goi mailako postu bat ziurtatzeko. Postu horietarako ere baditu lehiakideak. Azkenean, gogoz kontra bada ere, zerrendan hirugarren postuan aurkeztea onartu du: «Hautatu behar nuen: edo beharbada zerbait ukan edo deus gabe gelditu. Xantaiari men egin diot...».
Nortasun agiria.
Politika
Alain Lamassoure, urretik brontzera
Eurodiputatu lapurtarra ez da UMPko zerrendaburu izanen bere hauteskunde barrutian; zerrendako hirugarren postua onartu du, azkenean, gogoz kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu