Urteroko irudia errepikatu zen atzo Irungo udaletxean (Gipuzkoa): alarde parekideari ez zion harrerarik egin alkateak, Jose Antonio Santanok. Besteari, andreak desfiletik baztertzen dituenari, bai. Desfilea bukatuta, alarde parekideko jeneral Inma Landak ez zuen ezkutatu arrangura. «Horixe daukagu; berak jakingo du zergatik ez datorren». Baina poza ere nabarmena zen haren hitzetan. «Guk gure alardea egiten dugu, txukun egiten dugu, alai egiten dugu; oso pozik gaude». Eta atzo ikusi zuten, gainera, Irungo kaleetan aldaketa bat: onerako. «Ikusi dut jende pila bat egon dela espaloietan; jende asko ari zait komentatzen. Jendea oso alai egon da; txaloka, oihuka. Oso polita izan da». Giroa oso ona izan zen, eta harrera oso beroa jaso zuen alarde parekideak espaloietatik. 1.200 lagun batu zituen alarde parekideak; 8.000 andreak baztertu eta soilik kantinera gisara onartzen dituenak.
Alardearen aurreko egunetan, hainbat tokitatik jaso du Santanok alarde parekidearen aldeko keinua egiteko eskaria, baina haren atzoko portaerak argi utzi zuen eskakizun antzuak izan direla. Udaletxeko balkoian ordezkaritza izan zuten Arartekoak —Julia Hernandez arartekoaren ondokoa—, Emakundek —Izaskun Landaida zuzendaria eta Ana Alberdi idazkari nagusia— eta EH Bilduk —Xabier Olano eta Ainhoa Beola batzarkideak—. «Gipuzkoako ahaldun nagusiaren lekua eta Batzar Nagusietako lehendakariaren lekua betetzera gatoz», esan zuten. Igaro urteetan —EH Bilduren agintepeko legealdian—, ohiko bihurtu ziren aldundiko ordezkariak alarde parekideari oles egiteko ekitaldian, baina atzo bestelakoa izan zen irudia.
Udalbatzatik, berriz, EH Bilduko eta Si Se Puede Irun taldeko ordezkariak izan ziren; haiek eman zioten hiriaren bandera alarde parekideari. Adierazgarria Irungo Batzokiko irudia ere; alarde baztertzailea aurretik igaro zenean, leihoak parez pare irekita egon ziren, balkoia jendez gainezka. Alarde parekidea pasatu zenean, inor ez.
Landaidak kritika egin zuen alkatearen absentziaren harira. «Benetan lagungarria litzateke alkatea hemen egotea. Batari harrera egiten badio, besteari ere egin behar lioke. Aldaketarako pauso nabarmen bat izango litzateke; horrek zabalduko luke bidea beste mota batetako ekintzak egiteko». Landaidaren aburuz, herritarrek «konponbide bat» eskatzen dute, eta instituzioen aurretik doaz beren jarreretan.
Hernandez arartekoaren albokoak berdintasuna lortu gabeko konkistatzat jo zuen, eta, horregatik, ekintza horretan buru-belarri dabiltzan gizon-emakumeei babesa azaltzera gerturatu zen, hain zuzen, lanean ari diren pertsonengatik lortzen baita alarde parekidea errealitate izatea. «Lehen alardeetan, askoz konplikatuagoa zen», esan zuen, aurrerapausoak zeinen txikiak izan diren nabarmenduz. «Baina denborarekin, lehen alardeekin konparatuta, nik uste dut aldatu dela. Kalean elkarbizitza baketsua dago».
Tropen alaitasuna
Patxi Perez Anaka konpainiako kapitainak ezer aldatu ez delako tonuarekin hitz egin zuen desfilea hasi aurretik. Alkatearen absentziari eguzkiaren presentzia une orokoa kontrajartzen zitzaion. Denek ur botila zuten eskuan.
«Bi minutu falta dira hasteko», esan zuen adinean sartutako emakume batek, eskopetan bermatuta. Urrunean, ahotsak eta musika aparatuak berotzen entzuten ziren. Lehenengo pausoa aurrera, eta txalo zaparrada, jende andana espaloiaren bi aldeetan. Bide osoa horrela egin zuten.
Urdanibia plazatik San Juan plazara igo ziren, hasteko. Zaldi gainean trostan sartu zen Inma Landa jenerala, txaloz lagunduta. Tropen ikuskapen errituala egiten ari zela, pozik zen Josetxo Arrieta, baina «hutsune bat» ere sentitzen zuen: «Alardea irundarren sentimendua da, eta irundar guztien alkate izateko, irundar guztiei egin behar die harrera». Korrika joan zen, konpainiak alde egiten ziola ikusirik. Jaione Sagarzak helburua zuen mintzagai. «Jende askori helburua ahaztu zaio: emakumea festan integratzea. Alarde bat eta herrikoia nahi dugu». Alkatearen absentziaz penatuta hitz egin zuen. Baina horrek ez zien kendu festarako gogoa; umorez eta alai pasatu zen Perez bere konpainia gidatzen. «Oso inpresio ona, zoriontasun handia; beroak ez du axola, gozatzen ari gara». Aurretik zihoan aizkolaria ez zen iritzi berekoa: «Gero itzalean geldialdia».
Santa Elena ermitan, azken geldialdia. «1996tik gure elkargunea da», azaldu zuen Eskarne Ruiz de Arbulok. 11 konpainiek ermitaren aurrean argazkia atera zuten, goizeko saioa amaitzeko. Gustura ziren egindakoarekin.
Arratsaldean, azken metroak ertzainek lagunduta egin behar izan zituzten: txaloak gailendu ziren oihu, bizkar emate, irain eta keinu itsusien gainetik. Amaieran, arrangura adierazi zuen Josema Alberdi Alardeko Juntako zuzendariak: «Normaltasuna al da hemezortzi urteren ondoren poliziarekin egin behar izatea azken metroak? Eta non dago alkatea?»