Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuaren kritikaren aurka azaldu da gaur Alakrana atunontziko marinel baten arreba. Izan ere, Unzaluk atzo esan zuen Bermeoko, Santurtziko, Sestaoko, Ondarroako eta Mundakako (Bizkaia) udalek biharko antolatu duten elkarretaratzean Alakrana-ko bahituen "senideen minaren erabilpen politikoa" egingo dutela udalek, baina Iker Galbarriatu arrantzale bahituaren arreba Argik ukatu egin du halakorik egingo dela.
"Bermeoko Udalak, ezer antolatu aurretik, ea bilkura egitearekin ados egongo al ginen galdetu zigun. Gure oniritzirik ez balu izango, ez zukeen bilkura deituko", adierazi du Argi Galbarriatuk gaur. "Gure herrien eta gure jendearen babesa besterik ez dugu jasoko".
Unzaluk gaur azaldu du sentitzen duela "polemika" sortu izana atzoko adierazpenekin, eta "errespetatzen" duela familien mobilizazioa.
Ontziko marinelen senideak gaur arratsaldean Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin batuko dira. "Negoziazioa nola doan galdetuko diogu".
Bahiketa bukatzeko eskatzeko eta ontziko marinelei, horien senideei eta enpresari elkartasuna adierazteko asmoz egingo dute biharko elkarretaratzea, Bermeon. Gure arrantzaleak askatu lelopean bilduko dira da, 12:00etatik aurrera, Sabino Arana enparantzan, udaletxe aurrean.
Urriaren 2an Indiako Ozenoan bahitu zuten Alakrana, piratek, Somaliatik 375 miliara, eta ontziko kideak libre uzteko 2,7 milioi euro eskatu dituzte bahitzaileek. Espainiako Gobernua ari da piratekin negoziatzen.
gizartea
'Alakrana'-ko bahituen senideek ukatu egin dute "erabilpen politikoa" egingo dela biharko bilkuran
"Bermeoko Udalak gure oniritzirik ez balu izango, ez zukeen bilkura deituko", esan du Iker Galbarriatu arrantzalearen arrebak. "Gure herrien eta gure jendearen babesa besterik ez dugu jasoko". 12:00etan izango da elkarretaratzea, Bermeon. Gaur arratsaldean Patxi Lopezekin batuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu