alakrana auzia

'Alakrana'-ko euskal arrantzaleei deklarazioa hartu die Pedraz epaileak, Gernika-Lumon

Bermeoko atunontziaren bahiketa amaitzeko ezer ordaindu zen argitu nahi du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Bahiketaren unerik okerrena Espainiako armadak bi pirata bahitu zituenean izan zela nabarmendu dute arrantzaleek epaitegitik irtetean.

2009ko azaroaren 24a
17:38
Entzun
Alakrana Bermeoko atunontziaren (Bizkaia) bahiketa amaitzeko ezer ordaindu zen argitzeko asmoz, Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea ontziko zazpi euskal arrantzaleei deklarazioa hartu die Gernika-Lumon (Bizkaia). Hain zuzen, Alakrana auziko "sare juridiko-finantzarioa" ikertzeko eskatu zuen Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak asteazkenean.

Euskal arrantzaleak epaitegitik irtetean komunikabideei zuzendu dira eta bahiketaren unerik okerrena Espainiako armadak bi pirata bahitu zituenean izan zela esan dute. "Haiek ez badira itzultzen, zuek ere ez; hanka moztuta itzultzen badira, zuek ere bai" mehatxatzen zieten, Alakrana-ko kide baten arabera. Arrantzaleen ustez, Espainiako Gobernuak bahiketari buruz egindako kudeaketa "nazkagarria" izan da.

Horrez gain, bahitzaileak "animaliak" direla eta "horiek baino okerrago" tratatu dituztela salatu dute. Ariana MV Greziako itsasontzia askatzeko beharrezko guztia egiteko ere galdegin dute, eskifaiako 24 kideak jasaten ari direna "tamalgarria" delako. Ontzi horretan, 11 urteko haur bat dago. Alakrana-ko zazpi euskal herritarren arabera, piratak ume hori bortxatzen ari dira.

Ordainduriko bahisaria negoziatu dutenak identifikatu nahi ditu Pedrazek

Abiatutako ikerketaren helburua, atunontziaren askatasuna lortzeko ustez ordainduriko bahisaria negoziatu duten abokatu bulegoak eta askapenean esku hartu duten "komisionistak" identifikatzea litzateke. Pedrazek ontziko bederatzi galiziarrei ere hartuko die deklarazioa egunotan, Vigon (Galizia).

Bahisaria 2,7 milioi eurokoa izan dela zabaldu da, eta Espainiako Gobernuak ordaindu duela. Hala ere, Francisco Caamaño Espainiako Justizia ministroak adierazi du "Espainiak estatu gisa" ez duela Alakrana-ren erreskaterik ordaindu.

Lehengo astean askatu zuten Bermeoko itsasontzia, 47 egunez Indiako Ozeanoan piraten esku bahituta egon ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.