Emakumeen bazterketa

Alarde mistoak babesteko eskatu die EAJk Irun eta Hondarribiko alkateei

Ezker Abertzalea Taldeak antolatutako agerraldia egin dute Gipuzkoako bi herri horietako alkateek Eusko Legebiltzarreko emakumearen batzordean. Oro har, ñabardurak ñabardura, gatazkaren konponbidea gidatzeko ardura har dezatela eskatu diete indar politiko guztiek.

2006ko azaroaren 6a
16:29
Entzun
Hiru ordu eta erdiko agerraldia egin dute Irun eta Hondarribiko alkateek, Antonio Santano (PSE) eta Borja Jauregik (EAJ), Legebiltzarreko batzordean. Izan ere, herri horietako jaietako ekitaldi nagusian, Alardean, gizonezkoen pare parte hartzeko arazoak dituzte emakumezkoek: alarde tradizionala esaten zaionak galarazi egiten die eskopetero gisa ateratzea. Ondorioz, alarme mistoak sortu dira azken urteetan bi herrietan, eta liskar handiak izan dira herritarren artean. Gatazka hori zela-eta, ekitaldia pribatizatzen utzi zuten bi herrietako udalek, eta harrera ofiziala alarde tradizionalari bakarrik egiten diete.

Hain justu, kontrako jarrera hartzeko eskatu diete gaur Santonori zein Jauregiri Eusko Legebiltzarreko indar politiko gehienek. EAJren taldeko bozeramaile Joseba Egibarrek, esaterako, alarde mistoei "babes instituzionala" eman diezaietela galdegin die bi alkateei. Gainera, auzia kudeatzeko eta konpontzeko ardurari hartu ez izana egotzi die.

Ñabardurak ñabardura, gatazka bideratzeko ardura eurena dela esan diete osterantzeko indar politikoek ere. PSE-EEko Esozi Leturiondok, adibidez, "alarde mistoaren kontrako agresibitatearekin amaitzeko" gidaritza har dezatela galdegin die. Ezker Abertzalea taldeko Maite Aranburuk nabarmendu du alkateek ez dutela neutraltasunez jokatzen, alarde tradizionalaren alde baizik. Hain zuzen ere, emakumeak baztertzen dituen alardeari mistoari ez bezala harrera ofiziala egiten dietela oroitarazi du. PPko Arantza Quirogak "gai korapilatsua" dela argudiatu du, eta hezkuntza arloko neurriak susta daitezela eskatu du piskanaka jendearen pentsaera aldatzen joateko. EAko Onintza Lasak erakunde publikoak auzia konpontzen saiatzea ezinbestekoa dela nabarmendu du, eta Aralarreko Aintzane Ezenarrok argi eta garbi alarde mistoak bultza ditzatela galdegin die bi alkateei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.