Jose Antonio Santano Irungo alkateak harrera egin beharko lioke bihar, sanmartzialetako egun handian, alarde mistoari. Hala eskatu dio Arartekoak ohar baten bidez, "gizon eta emakumeen arteko alarde parekide baten aldeko herritarrengana hurbiltzeko keinu gisara". Modu ofizialean eta publikoan egiteko eskatu dio gainera, alarde baztertzailearekin egiten duen bezala.
Arartekoak gogorarazi du botere publiko guztiak behartuta daudela oztopoak gainditu eta gizon-emakumeen arteko berdintasuna lortzeko hartu beharreko neurriak hartzera. Berdintasun horren alde ari direnei babesa eskaini die, gainera.
Horrez gain, gogoratu du Eusko Jaurlaritzaren prospekzio soziologikoaren arabera herritar gehienak daudela emakumeen parte hartzeak eragiten duen zatiketa gainditzeko pausoak ematearen alde.
Beraz, Arartekoak dei egin die botere publikoei, bereziki Irungo Udalari, "neurriak har ditzaten gizartearen eskaera horri erantzun bat emateko".