GIZARTEA

Alarde parekidearen aurka plastiko beltzik ez jartzeko eskatu du Ertzaintzak

Bigarren urtez egin du dei bera Hondarribiko alarderako. Eskaria bideratu egin du, gainera: alarde tradizionalak saiatu behar du "bere zale" direnek ez dezaten alarde parekidea horrela mespretxatu.

Iaz ere agertu zituzten plastiko beltzak. IDOIA ZABALETA, ARP
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko abuztuaren 30a
19:45
Entzun

Datorren astelehenean, hilaren 8an izango da Hondarribiko (Gipuzkoa) alardearen eguna. Bitan banatuta aterako dira konpainiak aurten ere: batetik, emakumeak soldadu gisa onartzen ez dituztenak, eta bestetik, Jaizkibel konpainia, andreak eta gizonak elkarren alboan hartzen dituena.

Ertzaintzak ebazpena kaleratu du egunaren antolaketari buruz. Aurreko urteetako berberak izango dira ordutegiak eta ibilbideak —goizean, 08:25ean abiatuko da alarde parekidea, eta arratsaldean, 17:10ean—.

Eskari bana egin die Ertzaintzak bi alardeei, iaz bezala. Batetik, Jaizkibel konpainiari eskatu dio desfile itxura emateko bere ibilbideari —manifestazio baimenarekin egiten dute bidea—: alardean soldadu jantzita doazenekin batera kaleko arropaz jantzitako jenderik ez sartzeko eskatu du. Dei horri jarraituko dio Jaizkibelek, eta, iaz bezala, aurten ere ez du manifestazio hasieretako kartelik eramango.

Beste eskaria Alarde Fundazioari egin dio Poliziak —hark sustatzen du soldadu gisa gizonak soilik onartzen dituen desfilea—: alarde parekidearen ibilbidean ez dezala publikoak plastiko beltzik agertu. Berritasuna badago puntu horretan: izan ere, Ertzaintzak ebazpenean dioenez, alarde parekidearen kontra plastikoak eta bestelakoak agertzen dituzten herritarrak alarde baztertzeailearen "zaleak" dira, eta horregatik eskatu dio fundazioari horrelako jarrerak saihesteko.

Iaz ere eskari bera egin zuen Ertzaintzak, baina Jaizkibel konpainiaren kontrako plastikoak agertu zituzten herritar batzuek. Ertzaintzak ohartarazi du plastikoarekin kalea ixteak zaildu egiten duela Jaizkibelen desfilea ikusi ahal izatea, eta segurtasuna arriskuan jar dezakeela. Horregatik eskatu du halakorik ez egiteko, "alardeko parte hartzaileen eskubideak eta segurtasuna hobeto bermatzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.