Alarde mistoa pare horretara iritsi denean, danborrak gogor astinduz eta A por ellos oihuka hartu dituzte. Halaber, iraindu egin dituzte, edariak jaurti dizkiete, eta haien parean jarrita hesia eginez aurrera egin zezaten galarazten saiatu dira. Ertzaintzak, azkenean, tradizionalaren aldekoak bidetik kentzea lortu du, eta aurrera egin ahal izan du segizioak, eta dagoeneko amaitu dute ibilbidea.
Kazetariek ere izan dituzte arazoak; esate baterako, Alarde mistoa jarraitzen ari zen 'Berria'-ko kazetari bati boligrafoa kendu diote eta kuadernoa ebasten saiatu dira.
Irungo bi alardeak ordu desberdinetan atera dira agintarien erabakiz, hain zuzen ere, istiluak saihesteko. Hala ere, esan bezala, liskarrak izan dira.
Goizean goiz, Alarde tradizionala abiatu denean ere izan dira tentsio une batzuk: urtero legez, emakumeek berdintasunen parte-hartzea defenditzen dutenek aldarrikapen horren aldeko pankarta bat eta paskin batzuk zabaldu dituzte, eta jendearen artean liskar batzuk izan dira. Dena den, laster baretu dira.
Alarde tradizionalean 8.000 gizonezkok parte hartzen dute, eta haiekin batera, kantinera gisa ateratzen diren emakume bakan batzuk. Alarde horretan emakumeek ez dute eskopetero edo musikari gisa, hots, jaiko rol nagusiak betetzen, ateratzeko aukerarik. Goizeko zortzi eta erdiak aldera abiatu dira, eta jai giroan, arazorik gabe egin dute beren ibilbidea.
Alarde mistoan, ostera, mila bat lagun bildu dira, gizon zein emakume, protokoloak eskatzen dituen rol guztietan parte hartzen. Alarde mistoa abiatu den unean, momentu hunkigarria bizi izan da 83 urteko Juliana Oruezabal Martiarena Alarde horretan abiatu denean, kantinera gisa atera den bilobarekin batera.
Jose Antonio Santano Irungo alkateak herriko bandera ez ziela emango Alarde mistokoei berretsi du gaur goizean —bai, ordea, tradizionalekoei—. Santanok argudiatu du "lanpetuegi" dagoela horretarako, eta, gainera, Alarde mistokoek ez dutela beren desfilea jai ekitaldi gisa izendatzeko prozedura bete. Alegia, manifestazio gisa ateratzeko baino ez dutela baimenik.
Egunotan Alarde mistoaren sustatzaileek salatu dute Udalean informazio okerra eman dietela epeei eta aurkeztu beharreko agiriei buruz, eta horregatik ezin izan dutela baimena behar bezala eskatu.
Nolanahi ere,liskarra sortu den pare horretara heldu arte, jai giroan egin dute Alarde mistoa: eta Udalera iritsi direnean EB-IUko zinegotzi Manuel Millanek eman die herriko bandera.
Iskanbilak gertatu aurretik, Maribel Castello Alarde mistoko bozeramaileak adierazi du oso pozik daudela. "Hau da Alardea", esan du Castellok, eta denei, bai Alarde mistoaren aldekoei, bai tradizionala babesten dutenei, lasaitasunerako deia egin die. "Denok oso ondo pasatzea da helburua. Guk ez dugu ezer Alarde tradizionalean ateratzen direnen aurka, baina argi utzi nahi dugu ez garela bigarren mailako herritarrak eta eskubide osoa dugula Alardea ospatzeko",azpimarratu du. Santano alkatea, berriz, hartu duen jokaerarekin jokoz kanpo geratu dela iritzi dio.
Txaro Arteaga Emakundeko zuzendaria ere Irunen izan da Alarde mistoa babesten. Emakumeek Alardean berdintasunez parte hartzea atzera bueltarik ez duen prozesua dela adierazi du, denboraren poderioz txertatuko dela, eta alkateari eskatu dio berma dezala emakumeen parte hartzeko eskubidea.
Alardea Irunen
Alarde tradizionalaren aldekoak Alarde mistoa eragozten saiatu dira
Dezenteko liskarrak gertatu dira Irunen (Gipuzkoa) emakumeei gizonezkoen pare parte-hartzea eragozten dien Alarde tradizionalaren aldekoak andrazkoei eskubide hori bermatzen dien Alarde mistoa galarazten saiatu direnean. Alarde mistoa tradizionalaren aldekoek jartzen duten txosnaren paretik igarotzean gertatu dira istiluak: emakumearen parte hartzearen kontrakoek iraindu egin dituzte, edariak jaurti dizkiete, eta, halaber, hesi modukoa egin dute desfilearekin aurrera egin zezaten galarazteko. Ertzaintzak bidetik kendu ditu, eta, azkenean, aurrera egin ahal izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu