Hondarribiko kaleak (Gipuzkoa) jendez beteta egongo lirateke gaur, alardearekin. Ez da horrela izan, ordea, aurten. Pandemiaren ondorioz, aurtengo alardea bertan behera geratu da. Datorren urtekoa bestelakoa izan dadin, alardea soldadu gizonek soilik osatua izan ez dadin, «elkarrizketa» aldarrikatu du Jaizkibel konpainia parekideak, «2021eko alardea benetan historikoa izan dadin».
Irailaren 8arekin, ohar bat kaleratu du konpainiak, eta elkarrizketarako deia egin die eragileei, «Hondarribiak hori eta gehiago merezi duelako». Elkarrizketa «babesteko eta bultzatzeko» deia egin die erakundeei. Jaizkibelek helburutzat jarri du 2021eko alardea publikoa izatea, parekidea eta bakarra.
Jaizkibelek aurten ez du desfilerik egin alardean emakumeek ere egon behar dutela aldarrikatzeko, baina nabarmendu du lanean segituko duela aurrerantzean ere, 2021ekoa izan dadin aldaketarako alardea. «2021eko alardeak aukera ematen digu egiazko tradizioa berreskuratzeko eta aberasteko».
Mezan, Jaizkibel soilik
Guadalupeko Amaren ermitan, urteroko meza egin dute, eta Jaizkibel konpainiako kideek botoa berritu dute han. Alarde fundazioak aparteko deialdia egin du, ohi baino goizago; bi desfileetako ordezkariek ez dute bat egin deialdi horren ondorioz.
Jaizkibel konpainiako kideak urteroko keinua berritzen; Guadalupeko Amaren ermitan egiten duten botoa berritzeko prest. Alarde Fundazioak aparteko deialdia egin du, ohi baino goizago; bi desfileetako ordezkariek ez duten bat egingo deialdi horren ondorioz. pic.twitter.com/l2VDANUeyT
— Arantxa Iraola (@ArantxaIraolaAl) September 8, 2020
Txomin Sagarzazu alkateak berak onartu du jaiak egin ezin diren honetan, eguneko ekitaldi nagusia ospakizun hori dela. Jaizkibel bakarrik agertu da. Urteak dira konpainiak mezan parte hartzen duela. Hain justu, hor egiten zuten bat bi desfileetako ordezkariek. Alkatearen esanetan, Alarde fundazioak «osasun arloko» zioak argudiatu ditu aparteko deialdia egiteko.