Bostetan puntuan esnatu nintzen. Bigarrengo solairuan nengoen, Koblakari delakoan. 05:05ean begiratu genuen leihotik, eta ikusi: hiru furgoneta, Peñascal inguruan. Ibilgailuak alde guztietatik etortzen hasi ziren orduan». Madrildik etorrita, Kukutzan zen atzo goizaldean Noelia, beste berrogei bat lagunekin batera. Alarmak jota esnatu ziren; ertzainak inguruan zebiltzala jakinarazi zieten. Egoteko erne. Azken orduak izan zitzaketela gaztetxean.
Deia kanpoan ere zabaldu zen. «Bostetan deitu zidaten, ertzainak ingurura joaten hasiak zirela. Ordu laurdenen buruan han nintzen. Beste hogeita hamarren bat ere baziren ordurako». Iñaki Carro abokatua izan zen lehenengoetakoa heltzen. Ordurako hasia zen mugimendua auzoan; ohetik salto egin, eta pijama hutsean balkoira edo leihora atera ziren dozenaka auzotar. Denbora gutxian, jendetza handia batua zen.
Indarrez sartzeko asmotan ziren ertzainak. «Saiatu ginen haiekin hitz egiten», dio abokatuak. «Kontuz ibiltzeko eskatu genien, goian aurki zezaketen egoeragatik; jendea itxita zegoelako toki batzuetan». Bitan joan zitzaion operazioaren arduraduna. «Hitz egiteko astirik ez zuen, ordea. Bazuen nahikoa menpean zituen ertzainak kontrolatzen».
Ertzainen oldarkeria nabari zuten barrukoek, nahiz eta oraindik haiengana heltzeko zeuden. «Zuloa tankearekin nola egin zuten ez genuen ikusi, baina entzuten genuen nola ari ziren. Irudiak ikusitakoan zur eta lur geratu naiz». Kanpoan ikusi egiten zuten, eta sentitu. Carro: «Istilu larrienak kalean izan ziren: Errekalde auzo osoak ikusi zuen ertzainek nola jokatu zuten. Polizia ez zen oldartu manifestatzen ari zirenekin soilik; zerikusirik ez zeukaten auzotarrei ere oldartu zitzaien».
Lau orduren buruan, bederatziak aldera, bigarren solairura heldu ziren ertzainak. Han zen Noelia. «Oso-oso urduri zeuden, oihuka etengabe. Sartu orduko esan ziguten jartzeko eserita, eskuak buru gainean eta beti lurrera begira. Horrela eduki gintuzten 40 bat minutuz». Hitzezko indarkeria pairatu zuten barruan zeudenek, haren esanetan. «Behera jaitsi gintuzten banan-banan. Buru egiten zuenak esan zidan: 'Kendu oraintxe sudur gorri hori, eta utzi pitokeriak egiteari'».
Beheko solairuan ordubete pasatxoz izan zituzten. «Mutilak eta neskak banandu egin gintuzten. Aulki batzuetan eserita egon ginen, hormari begira». Zer egiten ari ziren ikusteko, atzera begiratu zuen Noeliak. «Emakumezko polizia batek jo egin ninduen horregatik». Ez mugitzeko errepikatzen zieten behin eta berriro.
«Suntsituta geratu da»
Kanpoan ere ez zuten nahi mugimendurik. Abokatua atxikita eduki zuten. «Niri bakarrik ez, zinegotziei-eta ere berdin egin zieten, alegia, hitz egiten saiatzen ginenoi. Nortasun agiria eskuan genuela joan ginen, lasaitasuna eskatuz eta soilik hitz egin nahi genuela esanez, eta borrak eskuan eta bultzakadaka erantzun ziguten. Jende askori egin zioten».
Bai baitzen jendea. Barruan ere nabaritzen zuten atarian bazela zalaparta. «Bikote batek hunkitu ninduen. Bigarren solairu batean bizi dira. 05:15etik atera gintuzten arte entzun genituen haien animo oihuak; banderak eta kazolak ere bazituzten. Zirrara eragin zidaten, egia esan». Goizaldea zela nabarmendu du Noeliak, Polizia heldu zenean lo zela jendea.
Gaztetxetik ateratzerako ikusi zuen zein egoeratan geratu den. Pena eta amorrua nabari ditu ahotsean: «Suntsituta geratu da. Barra bere lekutik atera dute, mazoak eta palankak erabiliz. Txorrotak erortzen ere ikusi ditut».
Kukutzaren hustea. Testigantzak
Alarma gaua, indarkeria goiza
Ertzaintzak erabilitako indarkeriaren lekuko ugari izan dira gaztetxearen barruan zein kanpoan. Neurriz kanpo aritu dira poliziak, haien iritzian. Abokatua atxikita eduki dute atarian, eta erasoak salatu dituzte ekintzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu