Arreta nagusia fasez fase aurrera egitean dagoenean nolabaiteko normaltasuna berreskuratzeko asmoz, COVID-19ak hildakoak uzten jarraitzen du Euskal Herrian. Gaur, erakundeek jakinarazitako datuen arabera, beste zazpi pertsona gehiago hil dira koronabirusaren gaitzarekin gaixoturik. Zazpiak EAEn hil dira. Orain arte, guztira, 2.096 hildako zenbatu dituzte ofizialki. PCR proben bidez, 14 positibo berri atzeman dituzte azken orduetan: bat Araban, hiru Bizkaian eta hamar Nafarroan. Berriro ere zifra altuena Nafarroakoa da. Zaintza intentsioetako unitateetan 26 pertsona daude (atzo baino bost gutxiago), 17 EAEn, eta bederatzi Nafarroan. Ospitaleratze berri bat izan da.
Hirugarren faseko jarraibideak. Astelehenetik aurrera Hego Euskal Herriko lurraldeak hirugarren fasean murgilduko dira. Fase berriaren jarraibideak laburbildu ditu Jakes Goikoetxea kazetariak. Oraingoan erkidego bakoitzeko gobernuaren esku egon da jarraibideak zehaztea. Hori dela eta, arau eta neurrietako batzuk ezberdinak izango dira Nafarroan edo EAEn. Nafarroan, neurriak murriztaileagoak izango dira beste lurraldeetan baino.
Haur eskolak. EAEko arauen berezitasunetako bat haur eskolen irekiera izango da. Astelehenetik aurrera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan haur eskolak irekitzeko aukera egongo da 0-3 urteko haurrentzat, gehienez ere %60an.
Normaltasun berria. Hirugarren fasearen ondorengo egoerari 'normaltasun berria' deitzen diote. Ordurako ez da egongo alarma egoerarik, baina Espainiako Gobernua dekretu bat prestatzen ari da egoera berria arautzeko. Ministroen Kontseiluak datorren asteartean onartuko duen dekretuaren zirriborroa zabaldu da gaur. Zirriborroaren arabera, alarma egoera eta gero ere maskarak erabiltzea beharrezkoa izango da, toki itxietan bi metroko distantzia mantendu ezin denean, eta garraio publikoan. Halaber, gaixotasunaren bilakaera jarraitzeko irizpideak ere zehaztuko ditu Espainiako Gobernuaren dekretuak. Koronabirusaren krisia baliatuz, Espainiako Gobernuaren dekretuak eta aginduak bilakatu dira gobernantzaren ardatz nagusi eta boterea zentralizatzeko tresna. Aginte bakarraren filosofia alarma egoeraren ondoren ere luzatzeko arriskua begi bistan dago.
Agian honek ere merezi du
Ondorioei adi-adi. COVID-19ak pazienteengan utzitako ondorioei begira daude osasun profesional asko. Horien artean, Iruñeko Ospitale Gunean COVID-19aren inguruan jarduteko eratutako diziplina arteko taldea. Arantza Iraola kazetaria talde horretako bost kiderekin elkartu da gaixotasunaren ondorioei buruz hitz egiteko. Besteak beste, birikietako arazoak, tronboak edo ZIUetako egonaldi luzeak izan dituzte aipagai.
Eskolako euskararik gabe. Eskola euskaraz jasotzearen garrantziaz eta ikasleak eskolako euskararik gabe izateak sortutako hutsuneaz gogoeta egin du Gari Goikoetxeak kazetariak Eskolarik gabe, euskararik gabe izenburuko analisian. "Gaztetxoek euskaraz gehien egiten duten eremuak geratu dira egunerokotik kanpo". Hori dela eta, iraskuntzatik kanpoko eremuetan eragiteko beharra nabarmendu du. Halaber, Bilbon martxan jarritako egitasmo baten garrantzia azpimarratu du: boluntario sare bat osatu dute, etxekide erdaldunak dituzteen umeekin solasaldiak euskaraz izateko.
Oharra: Koronabirusaren krisiari buruzko eguneko laburpena zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, harpidetu buletinera.