Osasun larrialdiaren datuen irakurketa zaildu egin da. Bi motako arazoak daude. Batetik, Eusko Jaurlaritzak datuak emateko modua aldatu du eta aldaketa horietan serie historiko batzuk desagertu dira (adibidez, hildako kopuru osoarena edo ospitale guztiak kontuan hartzen zituena). Gorabehera hauek Estatistiketatik desagertuak artikuluan azaldu ditu Mikel Peruarena kazetariak. Bestetik, Espainiako Osasun Ministerioaren datuek eta Eusko Jaurlaritzakoek bat etortzeari utzi diote. Osasun Ministerioak goizero laburpen txosten bat banatzen du, autonomia erkidegoek emandako datuekin. PCR positibo berriak, besteak beste, ospitaleratze berriak eta hildako berriak jasotzen ditu txosten horrek. Datu hauek ez datoz bat Eusko Jaurlaritzaren txosten epidemiologikoan agertzen diren datuekin.
Adibidez, Osasun Sailaren txostenean honako datuak agertzen dira: 16 PCR positibo, lau hildako, eta lau ospitaleratze berri plantan PCR positiboarekin. Osasun Ministerioaren txostenean: 34 PCR positibo, hildako bat eta bi ospitaleratze berri. Nafarroako Gobernuaren datuak eta Osasun Ministeriokoak berberak dira: 21 PCR positibo, hildakorik ez eta ospitaleratze berririk ez.
Alarma egoera. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak alarma egoera hilabetez luzatzeko asmoa agertu du. Azken luzapena izango litzateke, uztailera arte, deseskalatze prozesuaren amaierara arte. Baina luzapen honetan salbuespeneko eskumenak Osasun Ministerioak gordeko lituzte. Defentsa, Garraio eta Barne ministerioek galduko lituzkete salbuespeneko eskumenak. Talde parlamentarioekin hizketan hasi da Kongresuaren onarpena lortzeko.
Fase aldaketa. Eusko Jaurlaritzak gaur argitaratu du aldizkari ofizialean lehen faseko arauak eguneratzen dituen dekretua. Bizilagunek baimena izango dute bizi diren herrialdearen mugen barruan mugitzeko. Horrez gain, probintziaren mugan bizi diren herritarrak mugakide duten herrietara ere joan ahal izango dira. Halaber, fase aldaketan ari da pentsatzen Eusko Jaurlaritza, eta bi aste barru bigarren fasera pasatzeko eskatuko du datorren astean.
Elkarteetan ez. Nafarroako Osasun Sailak herritarrei debekatu die gastronomia elkarteetan eta aisialdi lokaletan elkartzea. Baimenduta egon da aste honetan, gehienez hamar laguneko taldeentzat, baina Nafarroako Gobernuak atzera egin du.
AGIAN HONEK ERE MEREZI DU
Berriz jaio. Donostiako ospitalean 40 egun igaro ondoren —horietatik 25 zaintza intentsiboetako unitatean—, Jesus Mari Gabilondo "berriz jaio balitz bezala" sentitzen da. Haren lekukotasuna eta familiarena bildu du Paulo Ostolaza kazetariak. ZIUn sartu zutenean medikuak ohartarazi zien senideei maratoi bat izango zela, eta halaxe gertatu zaie.
Gorrak. Komunikatzeko ohiko zailtasunei maskararen erabilerak ezpainak irakurtzeko ezintasuna gehitu die gorrei. Haien egoerara hurbildu da Amaia Ramirez de Okariz kazetaria, Miren Segovia gorraren eta Euskal Gorrak federazioko kideen lekukotasunak jasoz.
Oharra: Eguneko laburpena egunero zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, harpidetu koronabirusaren buletinera.