Jakinarazi dutenez, Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko zuzendaria Alberto Barandiaran izango da (Altsasu, 1964). Esperientzia handikoa dela adierazi dute Hekimeneko kideek, Euskaldunon Egunkarian eta BERRIAn hogei urtez lan egin zuelako eta beste hainbat hedabidetan ere kolaboratu izan duelako.
"Euskaraz lan egiten duten hedabideen arteko elkarlana sakondu, eta euskararen hiztun komunitateak behar duen eredu komunikatiboa" garatzeko sortu berri da Euskal Hedabideen Elkartea. Lau erronka nagusi ditu: elkarteko kideen arteko harremana sendotzea, diru laguntza publikoak erabakitzen diren guneetan eragitea eta hitzarmenaren beharra nabarmentzea, publizitate instituzional eta komertzial bateratuaren aukerak aztertzea, eta hedabideen behatokia sustatzea.
Horretarako, lehen erronka haien burua ezagutarazi eta urratsen berri ematea dela jakinarazi dute. Hamarkada askotan saiatu izan dira euskaraz lan egiten duten hedabideen elkartea sortzen, baina orain arte ez dute lortu. Orain ahots bateratua izango dute gizartean eta erakundeen aurrean. Horrela hedabideek dituzten arazoen, estrategien eta errealitatearen berri eman ahal izateko.