Txirrindularitza

Alberto Contador nagusi Vueltan

Etapa eta lidergoa lortu ditu Anglirun. Igor Anton erretiratu egin da, eroriko baten ondorioz ezkerreko lepauztaia hautsita.

2008ko irailaren 13a
18:29
Entzun
Alberto Contador (Astana) da Espainiako Vueltako lider berria, eta itzulia irabazteko faborito nagusia dela erakutsi du. Berak irabazi du gaurko etapa, Vueltako hamahirugarrena (Vicente de la Barquera-Angliru, 209,5 kilometro), azkeneko mendatean denak atzean utzita.

Egoi Martinez Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak, beraz, lidergoa galdu du -iragarria zegoen, ez baita igotzailea-. Astelehenetik izan da lider. Dena dela, euskal taldearentzat okerrena Igor Antonen erretiroa izan da: Angliruren aurreko mendateko -Cordal- jaisten ari zirela, helmugarako hemezortzi kilometroren faltan, erori egin da, ezkerreko lepauztaia hautsi du eta Vuelta utzi egin behar izan du. Sailkapen nagusian seigarren zegoen.

Angliru maila berezikoan bukatu da etapa, aurretik lehen mailako hiru mendate igo dituzte, eta faboritoen tropelak kontrolpean izan du lasterketa. Anglirun Contadorren taldeak bizitu du erritmoa -Egoi Martinez mendate hasiera-hasieran geratu da atzean-, eta Alejandro Valverde eta Joaquin Rodriguez Caisse d'Epargneko kideak eta Contador bera bakarrik geratu dira aurre-aurrean, sei kilometro falta zirela. Handik bira atzean utzi ditu Contadorrek, eta irabazle iritsi da helmugara.

Bigarren Valverde heldu da (42ra), hirugarren Rodriguez (58ra), laugarren Levi Leipheimer (1.05era), bosgarren Carlos Sastre (1.32ra). Egoi Martinez 23. iritsi da (7.05era).

Aurten Italiako Giroa irabazi du Contadorrek, iaz Frantziako Tourra -aurten ez diote haren taldeari korritzen utzi-.

Sailkapen nagusian bigarren tokian Leipheimer dago (1.07ra), hirugarren Sastre (3.01era), laugarren Ezequiel Mosquera (4.19ra), bosgarren Valverde (4.40ra), seigarren Joaquin Rodriguez (4.51ra), zazpigarren Robert Gesink (5.09ra), zortzigarren Egoi Martinez (6.56ra).

Bihar ere, itzuliko hamalaugarren etapan (Oviedo-Fuentes de Invierno, 158,4 kilometro), mendia edukiko dute. Hasieran hirugarren mailako hiru mendate igoko dituzte, eta gero lehen mailako beste hiru; horietako azkena -San Isidro-, helmugatik kilometro batera.

Hilaren 21ean bukatuko da Vuelta, Madrilen. Aurreko egunean 17,1 kilometroko krono-igoera izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.