ATXILOKETA

Alberto Plazaola preso ohia atxilotu dute Ziburun

Frantziako Poliziak atxilotu du, 11:15 inguruan, Zokoa auzoan. Baionako prokuradoreak BERRIAri baieztatu dioenez, euroagindu eskaera bat du, eta Pauera eraman dute. Santiago Arrospiderekin batera atera zen espetxetik, abenduan, Frantzian betetako espetxe urteak Espainiako zigorrari kenduta, baina espetxeratzeko agindua eman zuten berriro martxoan. Guardia Zibilak ez zuen atzeman, eta ordutik Ziburun bizi zen.

Alberto Plazaola, Teixeiroko espetxea utzi zuenean, iazko abenduaren 4an. ELISEO TRIGO / EFE
Maddi Ane Txoperena Iribarren - Jon Olano
2015eko irailaren 7a
15:42
Entzun

Alberto Plazaolari eta Santiago Arrospideri Frantziako Estatuko espetxeetan egindako urteak Espainiako Justiziak ezarritako zigorretatik ez kentzea erabaki zuen martxoan Auzitegi Gorenak, eta, horrela, atzera bota zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Lehen Salako epaileek joan den abenduan harturiko erabakia; orduan, aske utzi zituzten bi euskal preso ohiak.

Martxoan bertan saiatu ziren Plazaola atxilotzen, baina ez zuten hura etxean topatu, eta geroztik Ziburun bizi zen. Arrospide, ordea, atxilo hartu zuten, eta preso dago. Aitzinetik 24 urte egin zituen preso Plazaolak.

Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak azaldu duenez, "Pauera bidean" da Plazaola. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatutako euroagindua aztertuko dute han datozen egunetan. Erabakia "aski fite" emanen dute, Vuelta Simonen arabera.

Protesta 19:00etan

Atxiloketa gaitzetsi dute Bagoaz kolektiboak eta Etxerat elkarteak, eta elkarretaratzea eginen dute 19:00etan Bagoaz-ek deituta, Ziburun. "Marra gorriak badira, ezin da erran, alde batetik, presoen eskubideak bermatuko direla hurbilketa aipatuz eta, bestetik, atxiloketa hau egin", salatu du Bagoaz-ek, eta, kolektiboaren ustez, atxiloketak adierazten du Frantziako Gobernuak ez duela "bake prozesuan positiboki parte hartzea" erabaki.

Plazaola libre uzteko eskatu du Etxerat-ek: "Lotsagarria eta kriminala da oihartzun mediatikoa lortzeko xede garbiarekin burutu den atxilotze berri hau".

Bestela mintzatu da Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa. Haren esanetan, Plazaolaren atxiloketak adierazten du ETA desgiteko Espainiako Gobernuaren politika "errealitate bat" dela. Ohartarazi du ETA bere kabuz desegiten ez den bitartean gobernuak lanean jarraituko duela erakundeko "errefuxiatu" edo "iheslariak" topatu, atxilotu eta auzitara eramateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.