Alcocerren tortura salaketa ikertzeko agindu dute

Auzi medikuaren txosten batean tratu txarrak jaso izana baloratu du Madrilgo Probintzia Auzitegiak

jokin sagarzazu
2011ko otsailaren 11
00:00
Entzun
2008ko abenduan Guardia Zibilak atxilotutako Mari Mertxe Alcocer getxotarraren tortura salaketa ikertzeko agindu du Madrilgo Probintzia Auzitegiak. Guardia zibilen esku inkomunikatuta egon zen egunetan «kolpeak, ostikadak eta bortxaketa saioak» egin zizkiotela salatu zuen Alcocerrek Madrilgo Instrukzio Epaitegian. Auzitegi horrek, baina, salaketa artxibatzea erabaki zuen iaz. Alcocerren abokatuak jarritako helegitea dela eta, torturarik izan zen jakiteko dilijentziak irekitzeko agindu du orain Madrilgo Probintzia Auzitegiak.

Alcocer artatu zuen auzi medikuaren txostenak dira auzitegiak ikerketa abiatzeko erabili duen argudio nagusia. «Zalantzarik gabe, auzi medikuaren txostena da salaketa jarri duen pertsonaren froga nagusia». Txosten batean jasota daude auzi medikuak Alcocerren aurpegian ikusi zituen kolpeen markak, ubeldurak eta haren egoera psikologikoa.

Inkomunikatuta egon zen egunetan guardia zibilek eman zioten tratua «oso gogorra» izan zela salatu zuen Alcocerrek 2009an jarritako salaketan. Kontatu duenez, guardia zibilek autoan sartu zutenean hasi ziren torturak. Burua estali zioten, eta oihuka hasi ziren. Bidaia osoan kendu ez zioten buruko estalkiaren gainean plastikozko poltsa jarrita ia ito zutela azaldu zuen. Guardia zibilek, aldi berean, oso azkar eta gogor buruan jotzeari ekin ziotela ere salatu zuen, eta lepo eta belarri artean emandako kolpeen ondorioz hitz egin ezinik utzi zutela adierazi zuen. Zauriak sendatzeko asmoz, aurpegian krema bat igurtzi ziotela esan zuen.

Era berean, lekualdatze horietan errepide istripu txiki bat izan zutela onartu zuen Alcocerrek, Guardia Zibilak adierazi bezala. Auzitegiak, baina, nabarmendu du istripu horren inguruan atestaturik ez zuela egin Poliziak.

Madrilgo polizia etxean, berriz,buruan «plastikozko poltsa oso lodia» jarri ziotela azaldu zuen, eta «liburu batekin edo ohol batekin» gogor jo zutela. Bitartean, irainak, mehatxuak eta galderak egiten zizkiotela esan zuen. Begiak estalita zeuzkala erabat biluzarazi zutela ere kontatu zuen, eta bortxaketa saioak egin zizkiotela, hankartetik makil bat igoaraziz. «Minaren minaz lurrera erortzen nintzen arte [...]. Negar batean nengoela, bat-batean, hainbat baldekada ur izoztu bota zizkidaten», azaldu zuen.

ETArekin lotura duelakoan, Alcocer hiru hilabete eta erdian izan zuten preso, eta 18.000 euroko bermea ordainduta askatu zuten. Iazko uztailean epaitu zuten, polizia operazio berean atxilotutako beste lau pertsonekin batera. Alcocerri eta beste biri bosna urteko espetxe zigorra jarri zieten, zazpikoa beste bati eta bestea absolbitu egin zuten. Guztiek salatu zituzten torturak epailearen aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.