«Aldaketa estrategikoak iraultza politikoa ekarri du»

Rafa Diez sindikalistak uste du EAJk, PSE-EEk eta PSNk beren 'Zutik Euskal Herria' propioa behar dutela

Erredakzioa
Donostia
2012ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Duela hiru urte atxilotu zituztenean sustatzen ari ziren barne eztabaidak eta horren ondorioz etorri zen estrategia aldaketak «egoera politikoa irauli» egin duela azpimarratu du Rafa Diez Bateragune auziko preso eta sindikalistak, Gara egunkarian egin dioten elkarrizketan. Gainera, aldaketa horrek stand by-n zeuden hainbat gizarte sektore ilusionatzea lortu duela azpimarratu du.

Batik bat gai ekonomikoez egiten du hausnarketa Diezek, baina egoera ekonomikoa politikoarekin erabat lotuta dagoela dio: «Sistemaren krisia eta haren ondorioak —langabezia, eskubide murrizketa...— arazo politikoa dira, atzerakada antidemokratikoaren arazoak. Beraz, krisiari eman beharreko erantzuna, gizartean gehiengoa den langileriari egiten ari zaion errenten lapurreta masiboaren kontra egitea, borroka politikoa da, demokrazia subiranotasunaren aldeko borroka politikoa». Hala, «beldurrak» baztertu, eta «konfiantzaz zein anbizioz eta infantilismo ideologikorik gabe» lan egitera deitu du.

Nolanahi ere, luzerako lana izango dela ohartarazi du LABeko idazkari nagusi izandakoak: «Ez ditugu fruituak antsietatez itxaron behar. Modu iraunkor eta progresiboan landu behar dira».

Gainerako alderdiei ere begiratu die. EAJk, PSE-EEk eta PSNk «beren Zutik Euskal Herria propioa» behar dutela uste du, «aro berrian kokatzeko». «Beren jarrerak erosoak ziren blokeo egoerarako, baina zaharrak eta lotuak gelditu dira». EAJk anbiguotasunari eusteko leku gutxi du, Diezen irudiko. «Subiranotasuna dago erdigunean, eta gaur egungo konstituzionalismoaren eta subiranotasunaren artean ez dago erdiko aukerarik. Independentziaren aldeko indarrak eta sindikalismo abertzalearen kokalekuak galarazi egiten diote aliantza batzuk egitea, higatze azkarra ekarriko bailioke». Herrialde Katalanetan gertatzen ari denak jeltzaleak urduritu egin dituela ere uste du, baina itxaropena azaldu du Iñigo Urkullu buru duen alderdia Europan Euskal Estatua izateko helburura batuko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.