Normaltasuna. Horixe da gaur haur eskolen inguruan aritzerakoan gehien aditu den hitza. Maider Beloki hezkuntza zinegotziak, hainbat gurasok eta langileek ere erabili dute. "Gertatu dena denok sufritu dugu: udalean, familietan, eragileen artean. Baina, azkenean, ikasturtea normaltasun osoz hasi da eskola guztietan, baita euskarazko laurak barne, beti bezala, abuztuaren erdialdean", azaldu du Belokik Euskalerria Irratian. Izan ere, Iruñeko Udalak euskarazko eskaintza handitzeko eman zuen pausoa auzitara eraman zuten haurrak gazteleraz eskolatu nahi zituzten zenbait gurasok. Epaile batek bertan behera utzi zuen eskaintza zabaltzea, baina Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak atzera bota zuen gero erabaki hori; beraz, gaur hasi dira hiru urte bitarteko haur batzuk eskolan.
Orain arte, Iruñeko Udalak bi haur eskolatan eskaini du euskarazko eredua, baina dagoeneko martxan dira beste bi zentro. Printzearen Harresi eta Donibane haur eskolak dira gaur gaztelaniatik euskarara igaro direnak. Goizeko 09:30etik aurrera, Donibaneren ataritik tantaka igaro dira haurrak gurasoekin. Izan ere, gaur bilerak egin dituzte langileek eta familiek elkar ezagutu zezaten. Bea Zugasti izan da ama horietako bat. Donibanen bizi zen lehen, eta, orain, euskarazko eredua dutelako eraman dute haur gazteena bertara. "Niretzat primeran dago. Beste semearekin punta batetik bestera ibili nintzen", azaldu du. Polemikak gainditurik daudelakoan, aitortu du ulertzen dituela erdarazko eredua nahi zuten gurasoak. Baina, era berean, alternatibak badituztela esan du. "Aldaketa guzietan kosta egiten da, baina baretu dira gauzak".
Bide beretik mintzatu da Ainara Villanueva: "Nire iritzia da beharrezkoa zela euskarazko eredua, dagoen eskaerarengatik eta ereduen arteko desorekarengatik. Baina ez nago ados erabakia hartu duten moduarekin; gauzak azkar eta arrapalan egin direla uste dut". Bere kasuan, hurbiltasuna izan da zentroa aukeratzeko arrazoi nagusia, baina poztu da haurrak bere hizkuntzan eginen duelako haur eskolan ere. Ivan Paredes ere irribarretsu atera da Donibanetik, Adrian eskutik heldurik zuela. Hego Amerikatik Iruñera etorrita, Donibane auzoan bizi da, eta horregatik hautatu dute zentroa. "Egia esan, ez dugu inolako arazorik euskararekin; ikastea beti ongi da. Ni oso gustura nago". Aitortu du ez zuela euskaraz matrikulatzeko aukera buruan, baina, horrela suertatuta, kontent dago. "Dena euskaraz esan diote, eta ulertu du", esan du harro.
Bea Zugasti Donibane haur eskolako zuzendaria lanez lepo aritu da gaur. Astebete darama berak lanean, baina gainerakoak gaur bertan hasi dira. "Oso pozik" eta "ilusio handiz" dago aldaketarekin, eta polemikaren atzean zarata asko egon dela ohartarazi du, "batik bat hedabide batzuen aldetik". "Ez dugu arazorik izan: guraso batzuei ez zitzaien inporta eredua aldatzea, eta bertzeek euskara nahi zuten".
Iruñeko Udalak abuztuaren 4an eman zituen datuen arabera, Iruñeko haur eskolen okupazioa %93,2 da oro har. Eskaintzen diren 1.025 tokietatik 963 zeuden beteta matrikulazio epea amaitu ondoren. Kopuru horren barruan daude epez kanpo jasotako eskaerak ere. Portzentaje horrekin, orain espero da ikasturteak aurrera egin ahala toki guztiak betetzea, hamasei astetik aurrera eraman daitezkeelako haurrak Iruñeko haur eskoletara, eta litekeena da hutsik dauden plazak betetzea.
Ereduz eredu, ehunekoei erreparatuta, antzekoa da okupazioa euskarazkoan, gaztelerazkoan eta gaztelera eta ingelesezkoan. Euskarazkoan, %94,3 da, eta erdarazkoetan, %94,9.