Aldaketak «adabakitzat» jo dituzte, eta «errotik» aldatzeko eskatu dute

Egungo ereduak ezin du gehiago eman, DOT-Desazkundea taldearen ustez, eta beste direktiba batzuk eskatu ditu

Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
«Gehiago ezin eman duen eredu batekin jarraitzeko adabakiak dira Eusko Jaurlaritzaren aldaketak; ez dugu adabakirik behar gurpil batean, lau gurpil berri baizik». Oihane Ruiz DOT-Desazkundea taldeko kidea horrela mintzatu da Eusko Jaurlaritzak gaur argitaratu dituen lurraldea antolatzeko zuzentarauen aldaketez, Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean egindako agerraldian.

DOT-Desazkundeakberretsi du 1997. urtean onartutako direktibak luzatzeko hiru argudioek ez dutela balio. Lehenik eta behin, azken hamabost urteetako garapen ereduak egungo «kolapso egoera» behartu duela gogorarazi du. Gipuzkoa eta Bizkaiko udalerri askotan lurraren okupazioa oso handia dela azaldu du, eta etorkizunera begirako beharretarako apenas geratzen dela. Ordea, legebiltzarkideei gogorarazi die Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 30.000 etxebizitza baino gehiago hutsik daudela.

Orain arteko lurralde antolaketak hiriak lehenetsi dituela gogorarazi dute DOT-Desazkundeko kideek, eta horrek «polarizazio bat» eragin duela nabarmendu. Horrenbestez, lurralde kohesioan arazoak gertatu dira, pertsona asko ez baitatoz bat egungo ereduarekin.

Azkenik, zuzentarauen inguruan adostasunik ez izatea kritikatu dute, Pilar Unzalu sailburuak azaldu zuenaren kontra. Orain arteko direktibek desorekak eragin dituztela nabarmendu dute, eta zehaztutako helburuak ere ez daudela garbi. «Berrikuntza da helburua, edo eredu jakin bat lortu nahi dute?».

«Errotiko» aldaketa

Hortaz, Eusko Jaurlaritzak egindako aldaketak bertan behera utzi, orain arteko ereduaren diagnosia egin, eta horren gainean aurrera begirako helburuak finkatzeao galdegin diote, adostasunean oinarrituta. Hain zuzen ere, eskualdeen eskaerei garrantzi gehiago emateko eskatu diote sailburuari, eta «errotiko» aldaketa, aurrera begirako garapenaren esparrua zehazteko orduan. «Ezin da berrikuntzaz behin eta berriz hitz egin 1990eko oinarri baten gainean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.