Aldaketarako hauteskunde programa eraginkor bat nahi du ezker abertzaleak

Eduki eta proposamen zehatzak dituen akordio bat eskatu die EAri eta Aralarri Nafarroako bozetarako

edurne elizondo
Iruñea
2010eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Programa eraginkor bat eta edukietan eta proposamen zehatzetan oinarritutako hauteskundeetarako akordio bat. Horixe nahi du ezker abertzaleak Nafarroan, Xanti Kiroga ordezkariak azaldu duenez. Datorren urteko hauteskundeetarako oinarri programatikoak jasotzen dituen agiriari buruzko eztabaida hasi du ezker abertzaleak Iruñean, dozenaka lagunen parte-hartzearekin egindako bilera batean. Hamazazpi puntuko zirriborro bat da ezker abertzaleak aurkeztutakoa, eta herritarren ekarpenak eranstea da asmoa.

Iruñean abiatutako eztabaidaren harira, Nafarroako ezker abertzaleko ordezkari Xanti Kirogak azpimarratu du, bertze behin, subjektu politikoaren gainetik, Nafarroan aldaketa politiko eta soziala lortzeko bidean edukiak direla lehentasuna. Horregatik, eduki eta proposamen zehatzak adosteko deia egin die Eusko Alkartasunari eta Aralarri, datorren urteko Nafarroako hauteskundeei begira.

Prozesu horretan ezker abertzaleak baldintza bakarra duela gaineratu du Kirogak: «Akordioak hauteskunde programa eraginkor bat behar du izan oinarri, egungo erakunde, gizarte, kultura eta ekonomia esparruetan erabateko aldaketa bultzatu ahal izateko».

«Aldaketarako jokalekua, epe ertainean, datozen 2011ko Nafarroako hauteskundeetan egituratzen has daiteke». Horixe uste du Kirogak, eta, testuinguru horretan, hauteskundeetarako hitzarmen ezkertiar eta abertzale batek Nafarroa aldaketarako bidean koka dezakeela gaineratu du, «erakundeetako jarduera eta gizarte mobilizazioa uztartuz».

Nafarroako esparru ezkertiar, aurrerakoi eta abertzaleak erronka nagusi bat duela erantsi du ezker abertzaleko ordezkariak: «Alternatiba integrala osatzea». Alternatiba hori «ekintza batasunetik» abiatzeko beharra nabarmendu du Kirogak, eta alternatibak, halaber, herritarren babesa lortu beharko lukeela, aldaketa politiko eta soziala garatu ahal izateko.

Ezker abertzaleak nahi duen alternatiba hori egituratzeko, «akordio zabal bat lortzea» ezinbertzekotzat jo du Kirogak. Argi du, halaber, akordio zabal horren oinarriak nolakoa behar duen izan: «Aurrera begira garatu beharreko jarduera politikoa, soziala eta instituzionala zehaztuko duen programa politiko bat behar du akordio zabal horrek oinarrian».

Ausardia

Hori da ezker abertzaleak aurkeztu berri duen zirriborroa aurkeztuta duen asmoa, oinarriak ezartzea. Datorren asteartean agiri horretan jasotako edukiak azaltzeko eta sakontzeko agerraldia eginen dute Nafarroako ezker abertzaleko ordezkariek, hain zuzen ere. Zirriborroa lehen urratsa dela argitu du Kirogak, eta aurrera jarraitzeko beharra nabarmendu du, «eskuzabaltasunez eta ausardiaz». Egungo eredua aldatzea da helburua, baina eredu horrek bere horretan jarraitzea nahi duenik badela gogoratu du Kirogak. «UPNk, PPk eta PSNk eredu bera defendatzen dute, Nafarroako erabaki nagusiak Madrilen hartzen dituen eredua».



Zirriborroa

OINARRI NAGUSIAK

Lurraldetasuna. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroarentzat autonomia estatutu bat lortzeko organo instituzional bat sortzeko aukera jasotzen du ezker abertzalearen zirriborroak.

Normalizazio politikoa. Gernikako Akordioa da gatazka politikoari aterabidea emateko erreferentzia eremua agirian.

Arlo sozioekonomikoa. Lan harremanetarako esparru propioa ezinbertzekotzat jotzen da Nafarroan, bai eta Euskal Herri osoan ere.

Euskara. Ofizialtasunean oinarritutako lege berri bat indarrean jartzeko beharra jasotzen da.

Gizarte zerbitzuak. Plan estrategiko bat garatzeko eskatzen da, eta lehen mailako oinarrizko programak ezartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.