"Demokrazia erreala" aldarrikatu zuten atzo Iruñean Nafarroako hainbat elkarte eta erakundetako ordezkariek, eta, hori aurrera eramateko, Nafarroako Gobernuan aldaketa ahalbidetu zuen "gehiengo sozialari" eskatu diote hautagaitza bateratua osa dezala Espainiako Gorteetarako Hauteskundeetarako.
Yolanda Rodriguezek eta Iñaki Morenok azaldu zuten eskaera, eta, besteak beste, erabakitzeko eskubidearen aldeko eta murrizketa sozialaren kontrako politikak garatzeko nahi dute hautagaitza hori sortzea. "Premiazkoa eta beharrezkoa" deritzote errotiko aldaketa politiko, sozial eta ekonomikoak bideratzeari.
Ez dute zehaztu erakunde jakinik ote dagoen eurek proposatzen duten hautagaitza horren alde, baina gaia alderdi batzuen mahai gainean dagoela esan dute. Agerraldian Ezkerrako eta ezker abertzaleko hautagai ohiak zeuden.