Aldaketaren gakoak eztabaidatzera deitu du Nafarroako ezker abertzaleak

Foru erkidegoko egoera sozioekonomikoari buruzko 'Ilusio berriak, aukera berriak' txostena aurkeztu du Iruñean

joxerra senar
Iruñea
2010eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Zutik Euskal Herria dokumentua aurkeztu ondotik, Nafarroako egoera politikoari eta sozioekonomikoari buruzko Ilusio berriak, aukera berriak azterketa karrikaratu du ezker abertzaleak. Atzo, Nafarroako ezker abertzaleko 60 kide ingururen babesarekin, Xanti Kirogak eta Marine Pueyok proposamenaren berri eman zuten. Irakurketa horretan nabarmendu dute Nafarroa, Euskal Herri osoa bezala, «trantsizio demokratikoaren atarian» dagoela, baina atari hori zeharkatzeko beharrezkotzat jo dute aldaketa politiko eta sozialaren gakoak zehaztea.Eztabaida politikoa esparru horretan kokatuta ezker abertzaleak uste du Estatuaren estrategiari erantzuten zaiola, eta eztabaida hori bultzatzea «ezkerreko sektore independentisten ardura» dela.

NaBairen estrategia politikoa gogoan, Kirogak azpimarratu du ez dela nahikoa «bestelako elkarbizitza ereduaren aldeko aldarrikapen orokorra egitea», eta aldaketa politikoa «gobernu txandakatze bat baino serioagoa» dela azaldu du. Kirogaren aburuz, uneotan Nafarroan bi joera nagusi daude: batetik, bloke espainolista eta erregionalista; eta bestetik eremu soberanista. Bi joera horiek «kontrajarriak» direla eta maila politikoan eta sozialean «aurrez aurre» daudela dio.

Kirogak gogoan hartu du Nafarroak «estatu auzia» izaten jarraitzen duela, eta azken hiru hamarkadetan Nafarroako eskuinak eta botere ekonomikoek foru erkidegoa «nahierara» erabili dutela. Sektore ezkertiar eta independentistek eredu hori onartzeko saioak porrot egin duela iritzi dio.

Orain sektore horri «aukera berriak» ireki zaizkiola uste du: «Eragile politikoek momentu historikoarekin bat jardun behar dute». Ezker abertzaleak, «zintzotasun osoz eta erantzukizunez», herritarren gehiengo bat osatzeko bere indar osoa jartzeko konpromisoa azaldu du.

Hitzaldiak eta bilerak

Dokumentua helarazteko hitzaldiak emango dituzte Iruñean, Lesakan, Baztanen, Agoitzen, Tafallan... Gainera, beste sindikatuei, alderdiei eta gizarte eragileei proposamena aurkezteko asmoa dute.



Ezker abertzalearen proposamena

Nafarroako ezker abertzalearen irudiko, aldaketa politikoari buruzko eztabaidaren gakoak honako hauek dira:

Harreman aldaketa eta elkarlana: «Espainiarzale eskuindarrekiko indar harremanetan aldaketa, sektore independentista eta ezkertiarrak batzea bultzatuz. Horrek, alor politikoan, sozialean eta ekonomikoan eragina izanen duen elkarbizitza eredu berria garatzea ahalbidetuko du».

Eskubideak: «Eskubide zibil eta politikoen defentsa. Agertoki demokratiko baten aldeko herri bultzada, eskubide kolektibo zein norbanakoen bermea. Proiektu guztiak, salbuespenik gabe, berdintasunean garatzeko ahalmena egon behar du».

Ezkerreko ekimenen sustapena: «Enpresa eta botere ekonomikoen interesetatik urrun dagoen garapen ekonomikoa, ingurumenarekiko errespetua eta herritarren beharrei erantzuten ez dion garapen eredu txikitzailearekin amaitu; langileriaren lan baldintzen defentsa; alokairuzko etxebizitza publikoari babes osoa; zerga sistemaren erabateko aldaketa; gastu soziala, zerbitzu publikoen indartzea...».

Erabakitzeko eskubidea: «Nafar jendarteak Euskal Herriaz erabakitzeko duen eskubidearen onarpena».

Euskara: «Euskararen estatus ofizialaren eta kultur ondarearen onarpen eta bultzada instituzionala eta soziala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.